“Etorkizuneko patioak gune aktiboak eta lasaiagoak uztartuko ditu eta jolaserako zein ikaskuntzarako aukera desberdinak eskainiko ditu. Halaber, irisgarritasuna hobetzeko ibilbide berria eta natura integratuko duten espazioak aurreikusten dira. Helburua haur guztiek erabiltzeko moduko patio inklusiboagoa, irisgarriagoa eta anitzagoa sortzea da”, azaldu dute.
Horrez gain, rokodromo berria jarriko dute Gorondaganeko patio estalian, aisialdi eta kirol eskaintza zabaltzeko (8.596,57 euro). Instalazioak 178 eskalada helduleku eta segurtasunerako zoru bigungarria izango ditu. Eskolako zuzendaritzaren eta familien elkartearen babesa ere badu ekimenak.
Rokodromoa ez da soilik ikasleentzat izango: eskolako ordutegitik kanpo, aste barruan zein asteburuetan, herritar guztiek erabili ahal izango dute, “Gorondaganeko espazioak herri osoaren aisialdirako eta kirolerako aukera gehiago eskain ditzan”.
Gorondaganen egindako eta martxan jarritako jarduketa horietarako, guztira, 74.108,85 euroko inbertsioa egin du Sondikako Udalak. Eskola publikoa hezkuntza komunitatearekin elkarlanean etengabe hobetzeko konpromisoa berretsi du horrela, gainera. “Helburua argia da: ikasleei eta irakasleei espazio seguruagoak, irisgarriagoak, anitzagoak eta eguneroko beharretara hobeto egokituak eskaintzea”.