Emakumeentzako etxeko konponketen tailerra antolatu du Garrasik

Mikel Reina Barros

Talde feministak etxeko konponketak egiten ikasteko tailerra egingo du domekan, azaroak 8, 11:00etatik 16:00etara, Sondikako Kultur Aretoko pintura gelan. Plaza mugatuak direla aurreratu dute eta izena emateko Garrasiatf@gmail.com helbidera idatzi behar da.

Berokuntza, elektrizitatea, iturgintza eta etxeko oinarrizko konponketak lantzeko tailer praktikoa dela azaldu dute Garrasi talde feministatik. “Ezagutzak partekatu, autonomia irabazi eta elkarrekin ikasteko aukera” dela diote. Hori bai, bakarrik emakumeentzako tailerra dela argitu nahi izan dute. “Ez da inor baztertzeko, emakumeok tradizionalki gizonek nagusitutako arloetan erosoago ikasi, zalantzak galdetu eta esperientziak partekatzeko espazio bat sortzeko baizik. Autonomia sustatu, konfiantza indartu eta elkarrekin ikasteko gune bat izan nahi du”.