GR-280 Uribe Kosta, Zamudio-Zamudio martxa

Aikor aldizkaria 2007ko ots. 7a, 16:16
Testua eta argazkiak: Arroeta Mendi Taldea
Arroeta Zamudioko Mendi Taldeak GR-280 Uribe Kosta ibilbidea egin dau orain dala gutxi. GR siglen bidez izendatzen dira ibilbide luzeak. Arroeta taldekoak bost orduan ibili ziran tipi-tapa mendian zehar, eta hurrengo lerrootan martxa horren barri emon deuskue. Ibilbidea Zamudion hasiko dogu. Teknologia-parkera Lezamarako bidean dagoan gasolindegitik sartu, eta eskumako lehenengo sarrera hartu beharko dogu, Agarre baserritik. Sarrerak harkaskarrezko pista bateraino eroango gaitu. Pistatik jarraituz, baso batera sartuko gara eta hori zeharkatu ostean, gurutze batera helduko gara. Bertan GRko marka zuri eta gorriak ikusiko doguz. Markek Sandike baserriraino eroango gaitue. Asfaltozko bidetik Sandikebarri baserrira ailegatuko gara, eta gurutzean, eskumako bidea hartuko dogu. Zalantzan izanez gero, marka zuri eta gorriei jarraitzea komeni da, ez erratuteko. Markok Arkotza eta Jule baserrietaraino eroango gaitue. Asfaltoa atzean itxiko dogu eta lurrezko pistara sartuko gara. Aldapan gora egin ondoren –aldapa laburra da, baina gogorra be bai-, Gaztelu mendiaren gainera ailegatuko gara (mendi hori Zamudion dago; ez nahastu Gaztelu eta Gaztelumendi). Hona ailegatzeko, ordu eta erdi gitxi gorabehera emongo dogu bidean. Eskumara jo, eta mendikatetik jarraituz, Gaztelumendi mendiaren gainera (324 m.) abiatuko gara. Ordubete emon beharko dugu, gainera heldu arte. Indarrak barritu, eta jaitsierari ekingo deutsagu. Goikolexeatik Morgara doan errepidea ikusiko dogu. Errepidearen beste aldean dagoen karteletik jarraitzen badogu, Atxikara ailegatuko gara. Bertan Ugaldeko Errotaren ondotik pasatzen dan errepidea hartuko dogu Goikolexearantz. Errepidea berriro gurutzatuko dogu eta landatatik zehar Loroño Goikora helduko gara. Eskuman dagoan errepidea hartu, eta Artado Iturrira ailegatzen garanean, ezkerreko lurrezko pistatik abiatuko gara Basabal Andikorantz. Errepidea barriro hartuko dogu, eta Bekoerrota baserritik pasatuz, Mikel Zarate plazara helduko gara. Irubide eta Olabide etxeetatik gurutzatu eta Sandike eta Agarre baserrietara eroango gaituen lurrezko pista hartuko dogu. Ibilbidea hasi genuen bidetik itzuliko gara Zamudiora.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).