Korrika Kulturala 2007, bertso afaria Lezaman

Aikor aldizkaria 2007ko mar. 23a, 09:18
Testua eta argazkiak: Zorrizketan
Joan den larunbat gauean, martxoak 17, aurtengo Korrika Kulturalaren barruan, Txorierri eta Euskal Herri osoan zehar beste ekitaldi ugari, mamitsu eta interesgarri askoren artean, Lezaman bertso afaria antolatu du Zorrizketan Euskera Alkarteak. Lekua, afaria eta laguntasun ekonomikoa Gaztedi Jatetxeko Txemak ipini zuen, bere negozio berria bertsozaletasunez eta euskaltzaletasunez jantzi gura izan duelako. Lezamak ez du esperientzia eta ohitura handirik bertso afarietan, zaletasuna bai ostera, eta bertako euskera alkartekoak jarri ziran antolatzen saio hori, Korrrika Kulturalaren “aitzakiarekin”. Eta gaitza bada ere, lanpetuta baitabiltza bertsolariok aspaldion –sintoma osasuntsua edo osasun sintoma-, lortu dute hirukote ederra, ospetsua, kalitatezkoa, konpentsatua eta gustagarria konprometitzea: Xabi Paia Bizkaiko txapelduna; Etxahun Lekue Bizkaiko txapeldunordea eta Larrabetzukoa gainera eta Oihana Bartra Santutxuko bertsolari fina, Korrikak euskal emakumeak omentzen dituen urte berean. Eta idien aurretik karreteru, Jon Aurre euskaltzale eta euskaltzain urgazle ezaguna. Jantokia berrogeita hamar bertsozalek bete zuten bertsolari eta bertso-jartzailearen inguruan. Gazte koadrila bat, honelakoetan inoiz falta ez diren Larrabetzuko talde majo bat, zamudioztar batzuk eta, antolatzaileekin batera Lezaman bizi den dozena eta erdi lagun. Bertsolarien ofizioari esker eta Jonek ondo akuilatuta, saio ederra irten zen, serioa eta alaia, maila onekoa, antzinako eta gaurko gaien inguruan, korrika baina prisa barik. Leku aproposa, afari gozoa eta merkea, giro ona, aitzakia bako “aitzakia”, lan polita protagonisten aldetik…, koktel irentsigarria benetan! Zalantza bat geratu zaigu antolatzaileoi: Ez ote dago, Lezaman, bertsozale gehiago?

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).