Aukerak

Aikor aldizkaria 2007ko api. 17a, 18:47

Testua: Joseba Butron, irakaslea

Esan genezake ze gure bizitza aukerak egitea dela, erabakiak hartzea. Konturatu barik edo gura izan barik ere aukerak egin behar izaten ditugu: hau edo hori, holan edo halan, honegaz edo haregaz…, beti aukeratzen. Eta batzuetan ondo aukeratzen dugu, ondo erabakitzen dugu. Batzuetan. Baina, egia da bestalde, hainbat alderdi berez datozkigula, aukeratu behar izan barik, edo ahal izan barik. Kasurako, ez dugu aukeratu gizon edo emakume izatea, neska edo mutil izatea, gure familian jaiotzea, dauzkagun gurasoak edukitzea, edo gure begien kolorea, edo daukagun adina edukitzea, eta abar. Horrelakorik ezin izan dugu aukeratu, horiek berez etorri zaizkigu. Bitxia da kontua, ze buruari apur bat eragiten hasiz gero ur sakonetan sartzen gara, eta horregatik, beharbada, ez gara honelako gauzen gainean pentsatzen hasten. Esaterako, pentsatu ote dugu inoiz zer izango ginatekeen mutil jaio beharrean neska jaio bagina, edo alderantziz? Zelangoak izango ginateke? Edo itsu edo gor-mutu? Edo garai honetan jaio beharrean beste garai batean jaio bagina? Antzina, esaterako. Zelangoa izango litzateke kasu horretan gure bizimodua, zelangoak izango ginateke? Gaur garen modukoak? Edo Euskal Herrian jaio beharrean Lurreko beste edozein lekutan jaio bagina? Bai, ze mundua nahiko handia da, eta hemen inguruan jaiotzea nahiko kasualitate handia da, berez. Hortaz, zer gara? Suertatu zaigunaren ondorio ala guk geuk izatea erabaki dugunaren ondorio? Ala bietarik apur bat? Kontu filosofikoetan sartzea izango da, baina zergatik ez? Bestela, kantak zioen moduan, errutinaren morroi bihurtuta bizitzeko arriskua daukagu. Merezi du horretaz ere pentsatzen paratzea, sikiera apur baten. Baina, beharbada, gehiago merezi du zer aukeratzen dugun pentsatzen jartzea. Hartzen ditugun erabakiek gure bizitza zelan baldintzatzen duten gogoetatzea. Kasurako, testu hau honaino irakurtzea aukeratu dugu, aldizkari hau jaso eta irakurtzea, halako baten euskaraz ere irakurtzea erabaki genuelako. Euskaldun izan edo ez aukeraren aurrean euskaldun izatea erabaki genuelako. Eta erabaki sinple horrek igual gure bizitza aldatu du, eta beste urrats batzuk ematera ausartu gara, aukera berriak ipini zaizkigulako begien aurrean. Edo igual ez. Beharbada aukera hori egin genuen behin, baina ezin izan dugu tradizioaren indarra garaitu. Eta, horrela, igual domeketan –edo astegunetan ere, zergatik ez– betiko erdarazko egunkaria erosten segitzen dugu, Francoren garaitik hona beti erosi dena, leku guztietan egoten dena, denek irakurtzen dutena. Aukeratu behar izango ez bagenu legez, berezko zeozer izango balitz bezala. Euriaren modukoa balitz legez, gure aukeretatik eta erabakietatik kanpo balego legez. Baina ez. Ez da horrela. Euria egitea edo ez ezin dugu aukeratu, baina bai bustitzea edo ez bustitzea. Guk geuk egiten dugu aukera, aukerak badirelako.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).