Lehengoan, Bilbotik nenbilela, Jose Antonio Agirregaz egin neban topo. Hantxe egoan gabardina, traje eta guzti Ercilla hotelaren alboan, gerra denboran Eusko Jaurlaritzaren egoitza izaniko eraikinaren ondoan. Begiradeak ez eban ezelango pozik erakusten. Esango neuke sakon-sakon aditu ezkero ardurea ebala nagusi.
Pentsatu neban halan egongo zala, beharbada Gernika, eta lehenago Durango, txiki-txiki egin ebezanaren hirurogeita hamargarren urteurrena izanda, oraindino gizakiaren ankerkeria noraino heldu daitekeen ezin sinestuta egoalako.
Pentsatu neban halan egongo zala, beharbada, egoan lekutik ikusten eban panorama gorri-beilegiagatik. Hantxe dagoz-eta: batetik, Espainiako Ogasun Ministerioaren Ordezkaritza, oker ez banago, eta bestetik – ez Espainiako enbaxada prezisamente–, Gobernu Zibila.
Pentsatu neban halan egongo zala, beharbada, orduan erakutsitako kemena-eta ez ebalako inondik inora ikusten bere etxe barruan.
Aurrera egin neban bidean, ekaitza ekarren-eta. Lehendakaria hantxe gelditu zan pentsakor, arduratuta, artega akaso, baina seguru nago atertuko ebala sinestuta gelditu zala.