Urte bi pasatu dira lehen aldiz batu eta aurrera egitea erabaki zutenetik. Gazteen taldea osatzen dute eta apurka-apurka leku bat egiten ari dira Derioko herrian. Gehiago jakiteko asmoz eurengana jo dugu.
Zer da Santzoka? Zergatik sortu holako talde bat?
Gure herrian gazteriari zuzendutako eskaintza oso murritza da. Antolatzen diren gauza apurrek ez dute inolako parte hartzea bultzatzen, gazteria pasibotasunez inplikatzera bultzatzen dute. Gure ustetan, gazteriaren parte hartzeak antolakuntza eta gestiotik hasi behar du.
Horregatik, 2004ko abenduan 10 bat gazte bildu ginen, gazte elkarte bat sortzeko asmoz. Elkartearen helburuak gazteen arteko komunikazioa sendotzea, gazteoi zuzendutako eskaintza kulturala aberastea eta gazteon arazoei irtenbidea bilatzea dira.
Taldea Derioko gazte desberdinek osatzen dugu, pentsamolde desberdina baina batzen gaituzten egonezin komun batzuekin.
Zer egin duzue orain arte?
Egin ditugun ekintza gehienak gazteen arteko komunikazioa lantzeko helburuarekin antolatu ditugu gehienbat. Aurtengo San Isidrotan barbakoa bat egin dugu, 50 bat gazte bildu gara bertan. Gabonetan truke azoka egin genuen, eta orain txalaparta ikastaroarekin gabiltza, besteak beste. Jaietarako ere Astintze fanzinearen lehen alea atera dugu, herriko gazte guztion ahotsa izatea nahi duguna.
Hemendik aurrera zeintzuk dira zuen asmoak?
Epe laburrean, sortu berri dugun Astintze fanzinea herriko gazteen artean zabaltzea dugu helburu. Benetako tresna bat izan dadin, gure arteko komunikazioa finkatzeko.
Bestetik, azken urte hauetako proposamenak jendetsuak izan direla ikusirik, hurrengo urteetan errepikatzeko ideia dugu. Ideia berriak ere baditugu, apurka-apurka gauzatzen joango garenak. Gure pista jarraitzeko bloga bisitatu besterik ez dago (www.blogari.net/santzoka).
Gazteen arloan zer da gehien faltan botatzen duzuena?
Alde batetik, gazte askoren inplikazio falta. Bizi dugun gizarteak eta bizitza prekarioaren ereduak asko isolatzen gaitu, indibidualismora bultzatuz, baina horri buelta emateko aukera badago eta horretara gonbidatzen ditugu gazteak.
Bestetik, sarritan udaletik jaso dugun jarrera salagarria da. Badirudi ez dutela ulertu nahi guk geuk antolatu eta gestionatu nahi ditugula gure ekintzak, eta gure ideiak "kopiatuz", enpresa pribatuari proposatu diote berdina antolatzea.
Taldeak eta Elkarteak