Goitioltzako komisinoak, auzoko jaietarako diru apur bat atarateko asmoagaz, hegaxkin baten hiru lagunek ordu beteko osteratxua egiteko saria zozketatu eban. Eta, zer da kontua, ezelango tranpa barik, komisinoari berari tokau barik beste norbaiti tokau egin jakola eta, hau da inportanteena, saria benetakoa izan zala, gozagarria, zoragarria…
Heldu zan eguna, nahiko garbi eta sargori. Agertu ginen hiru lagunok Sondikako terminal zaharrean, ordu erdiko protokoloaren ostean –nortasun agiria erakutsi, txaleko fosforitoak jarri, azalpenak entzun, ibilbidea hautatu…- eta hasierako bildurrak edo barrruko kili-kiliak lurrean itxita, hor goaz zerura bidean!
Itsasorantz urten eta Bilboko itsasadarrak marrazten dauan lerrotik “abioiatuta†hiriburua ikusi genduan lehenengo; gero, kostaldeko lerroari jarraituz, Sopela, Gorliz, Armintza, Bakio, Bermeo… Itsasoaren handitasunaz jabetu ondoren, Urdaibairen edertasunean murgildu ginen… Apur bat eskumarantz eginez eta ia-ia konturatu barik urdinetik orlegira pasatu ginen, Mungialdeko ibar luze-ederreko landak, basoak eta baserriak bistaratuz…
Eta Loiuko kontrol-dorretik baimena lortu ondoren, Goitioltza gain-gainetik egin genduan hegaz emozino berezia sentiduz… Txorierri alborik albora zeharkatuten itxi euskuen Lezama gainetik pasatuz: eskerretara Larrabetzuko solo, baso eta landak; azpian Lezamako zabaltasuna, bere futbol-zelai eta guzti. Aurrerago, Zamudioko eliza, dorretxea, parkea… Derioko seminarioa, hilerria. Ezin da berbatan ipini goitik ikusi genduzan edertasun guztiak… Eta, denbora agortuaren penaz, Txorierriko albo bat luzetara hartuz, Sondikan lurreratu zan aparatua oso-osorik.
Txorierri zerutik ikusteak beste dimentsio bat emoten deustso ibarrari eta inguruei. Goitik beste modu batera ikusten da mundua; beste ikuspuntu guztiz desberdin horretatik, aireak emoten dauan mantsotasunetik lurrak eta jendeak ederrago eta txikiago ikusten dira eta, ondorioz, norbera bihurtzen da txikiago. Esperientzia gozagarria eta aberasgarria, benetan!
Eskerrik asko Goitioltza, erosiko doguz txartelak datorren urten be!