Unai Markina, begiralea Sondikako udalekuetan: “

Aikor aldizkaria 2007ko ira. 21a, 10:54
Unai Markina sondikarra begirale ibili da herriko udalekuetan. Gazteak 20 urte ditu eta Kirol de Gorputz-Hezkuntzako Goi Mailako Ziklo bat ikasten dabil. Udalekuetan parte hartu duen lehenengo aldia izan da aurtengoa. Zerk animatu zaitu begirale ibiltzera? Gauza asko: herrian bertan lan egingo nuen, nahiko ondo ordainduko zidaten ezagutzen ditudan umeekin lan egiteagatik, eta ezagutu ezean, ez nuen arazorik izango, umeekin nahiko ondo moldatzen naizelako. Beste alde batetik, ordutegia ere primeran zegoen, irteera puntual batzuk salbu, goizez lan egin behar baikenuen. Lagun baten bidez izen nuen udalekuen berri. Arduradunarekin harremanetan jarri eta umeekin esperientzia handia dudanez, hartu ninduten. Eskubaloi talde bat entrenatzen dut eta gaztetxoen talde batean ere banago, esate baterako. Zenbat ume izan duzu zure kargu? Hamar ume. Euren batez besteko adina 7 urtekoa zen. Zaila da umeekin lan egitea? Nola tratatu badakizu, ez. Zazpi urte dituzte, baina ez dira leloak. Gauzak azaldu behar zaizkie, uler dezatela saiatuz. Udalekuak Kultur Etxean egin dira, zein motatako lana edota ekintzak egin behar izan dituzu? Oso ume txikiak ziren eta eurei adi egon behar izan naiz, batez ere: ihes egin zezatela ekidin, ondo pasa zezatela saiatu… Tailer asko egin ditugu, baina ez zaie gehiegi gustatu eta jolastu nahiago izan dute… Nik umeak jolasten utzi nahiago dut: tailerra gustatzen ez bazaie, hobe da erlaziona daitezela eta primeran pasa dezatela, eta ez pentsatzea hobeto zeudela etxean Play Station aurrean. Zelan baloratzen duzu esperientzia? Oso positiboa eta aberasgarria izan da. Pasada itzela! Badaude ume asko beste ume batzuekin egoteko ohiturarik ez dutenak eta nik lagundu diet behar horretan. Eta zer deritzozu udalekuen antolamenduei? Oso ondo daudela uste dut. Sondika oso ezberdina den jendeari aukera sorta zabala eskaintzen dieten herririk gutxienetarikoa da. Udalekuetan 200 bat umek parte hartu dute eta asko kanpokoak izan dira. Euren herrietan ere udalekuak antolatzen dituzte, ziur asko, baina gurera etorri nahiago izan dute. Eta asko ere gara lan egiteko prest gaudenok… Nire ustez, gaur egungo gurasoek gehiegi babesten dituzte seme-alabak, etxean telebista ikusten badituzte seguruago egongo direla uste dute. Baina ez da horrela: umeek kolpeak hartu behar dituzte, zikindu, jolastu, kalera irten… eta ez gelditu etxean. Kritikarik? Oso adin ezberdinetako umeak sartu dira talde berean eta hori ez da egokia, haien artean aldea badagoelako. Anai-arrebak ere izan dira talde berean –adin-diferentzia ere nabaria izan da- eta ez dut ondo ikusten. Izan ere, helburua umeek herriko beste ume batzuk ezagutu eta lagunak egin ditzatela da. Errepikatuko duzu datorren urtean? Ahal badut eta lanik ez badut, bai.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).