Zamudion batu dira lehenengoz Txorierriko koru-tal

Aikor aldizkaria 2007ko abe. 17a, 10:24
Euren 20. urtebetetzean, Zamudioko Kamara Koralaren lan bikainari esker musikaldi ederrak entzuteko aukerea izan dogu. Testua: Pospolin/ Argazkiak: Sondika Goiri argazki taldea
Hamaika (eta zenbaki zehatza da) neska gaztez osotutako talde korala da. Euren abots zuri, eder, landuak entzuterakoan eta euren koreografia ikusterakoan esan leike nonbaiteko musika eskolako ikasleakaz hornituta dagoen talde koral gaztea dala. Baina ez, Zamudion sortu zan eta 20 urtez dabilz Txorierrin eta munduan zehar abesten, hasiera-hasieratik Iratxe Gezuragaren batutapean. Eta hogei urteko behar sendoak ospatzea merezi eban legez, hor ibili dira gogotsu urtebetetzea prestatzen kalidade handiko entzunaldiak eskaintzeko asmoagaz. Urtebete lehenago hasita, behar asko egin dabe ospakizunak prestatzeko, batez be azken hilabetean (hiru kontzertu, antzinako eta oraingo korukideen afaria eta beste ekitaldi batzuk). Baina merezidu izan dau ahaleginak. Herrirako eta Txorierrirako kultur ekitaldi aberatsa eskaini dabe: abesti eta koru desberdinak, herrietako folklore desberdinak, abesteko modu desberdinak, zuzentzeko era desberdinak. Holan, azaroaren 3an, Tolosako Lehiaketa ospetsuan parte hartu ondoren, maila oso altua dauen SYC Ensemble Singers Singapurreko abesbatzak eskaini eban kontzertu ederra, polifonia eta folklorea buztartuz. Eta azaroaren 10ean, Leioako Kontserbatorioan sortu dan Vocalia ahots zurien taldearen txanda izan zan, Basilio Astulez maisuaren eskutik. Euren ospearen atzetik jentea be joaten dan legez, Zamudioko eleizea bete-beterik egon zan kontzertuaz gozatzeko. Inbidia barik, atzerrira joan barik be ondo-ondoan daukaguz kalidade handiko taldeak. Ospakizunei amaiera musikala emoteko, azaroaren 17an Txorierriko koru-talde guztiak batu ziran: Sondikako Txuma Olague (abots mistoak), Derioko Iparralde (abots lodiak), Lezamako Ekidazu (abots mistoak), Larrabetzuko Gaztelumendi (abots mistoak) Sondikako Txuma Olague (abots lodiak) eta anfitrioiak, Zamudioko Kamara Korala (abots zuriak). Ez da erraza egun berean batzea. Txorierriko musika koralaren potentziala ikusteko aukera paregabea izan zan. Protagonisten inpresioak Urteurrenerako prestakizunek sortzen dabezan nerbioak lasaitu ondoren, koraleko kideak banan-banan hartu eta euren gogoetak jakinarazteko eskatu deutsegu. Iratxe Gezuraga, koruaren zuzendaria: “Hasieran zalantzatan egon ginan jenteak parte hartuko eban edo ez, baina azkenean hainbat jente batu da, asko kanpotik etorritakoak, eta bertokoak be bai, batzuk entzuten inoiz egon ez diranak. Koruen aldetik be oso erantzun ona euki dogu. Singapurrekoakaz oso gustura egon ginan, ondo abesteaz aparte, jente jatorra dalako. Vocaliagaz, daukan entzuteagaitik eta jarraitzaleekaitik eleizea ganezka egon zan. Hirugarren kontzerturako Txorierriko beste abesbatzek oso jarrera ona izan dabe gugaz, gure urtebetetzean parte hartzeko eta, ondorioz, kontzertu polita eta arina emoteko. Gero, Udaletik be laguntza handia izan dogu, kulturako jentea beti alboan sentitu dogu, Amagoiaren antolatze lan eskergea be aitatu behar dot… Jeneralean balorazino oso positiboa egiten dot. Bestalde, Santa Zezili dala-eta, korutik pasatu diran guztiak batu genduzan bazkaritxu bat egiteko. Orain hamaika baino ez gagoz eta abeslari gehiago beharko gendukez (animau neskak!), baina jakin behar da 70-75 pertsona aldera pasau dirala hemetik. Gehienek ikasketen edo lanaren erruz itxi dabe eta korua aldatzen joan da. Baina ni oso pozik nago eta beste 20 urte edo gehiago jarraitzeko asmoa eta gogoa badaukat. Aurrerantzean, betiko kontzertuetatik aparte (Gabonak, udabarrikoak…) eta urtetan daben beste konpromisoetatik aparte, badogu ideiatxua CD bat argitaratzeko, baina prisa barik egin gura dogu hori. Une honetan gurago dot neska gehiago erakarri korura, 20 bat abeslarigaz gauza pilo bat egin daiteke”. Amagoia Gezuraga, koruaren lehendakaria eta abeslaria: “Urtebetetze bat ospatzen danean, opariak egoten dira, besteak beste. 20 urte betetzea opari bat izan da guretzat, eta guk be opariak herriari eta musikazale guztiei eskaini gurean, azaroko musika ekintza guztiak antolatu doguz”. Olatz Begoña, abeslaria: “Egin doguzan ekintzetatik, jaien hasierako pregoilariak izana nabarmenduko neuke. Merezitako esperientzia izan da, horretarako be prestaketa egin genduan eta jendeak zoriondu euskun. Abeslari, abeslari ohi eta lagunen bazkaria be mundiala izan zan, barreak, emozioak, eta sorpresa ugari”. Iratxe Bermejo, abeslaria: “Hasieran, abesteaz gozatzen dogun pertsona talde bat bezala alkartzen joan gara, eta urteekin lagun talde aberasgarri bat bilakatu da korua”. Irantzu Bilbao, abeslaria: “Nahiz eta 20 urteak ez egon koruan, oso pozgarria izan da alkarrekin konpartitu eta disfrutatu izana, bai jenteagaz eta beste koru batzukaz”. Olite Bilbao, abeslaria: “Abesteak lasaitu egiten nau eta koruko kideek pertsonalki asko emoten deuste”. Itziar Cabrejas, abeslaria: “Ahotsen, lagunen eta bizipenen alkarketa da”. Ane Mateos, abeslaria: “Kontzertu bikainak, harrera ezin hobea”. Onintze Matias, abeslaria: “Musikaren bitartez, 20 urteren emozio eta bizipenen isla”. Aintzane. Ramos, abeslaria: “Danok alkarregaz lan egin ezkero gauzak sortzen dira. Hori bai, batzuk tiratu behar dabe gauzak ondo joateko. Beste 20 urte betetzea ez da ezinezkoa”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).