Deadly musika talde gaztea: “Musikatik bizitzeko

Aikor aldizkaria 2008ko mar. 18a, 09:24
Testua eta argazkia: Pospolin
Iñigo Arias abeslaria, Iker Asla gitarra baxua, Jon López gitarra eta Andoni Ubiaga “Pitu” bateria: 15-16 urte bitarteko gazteok osatzen dute Deadly musika taldea. Lezaman bizi dira gehienak, bertan egiten dituzte saioak eta Lezamako iazko kontzertuan hasi ziren benetan musika munduan. Noiz eta nola hasi zineten? Lehenengo urratsak 2006ko abuztuan eman genituen eta taldea urte horretako azaroan geratu zen osotuta. Lau kide gara momentuan. Hasieran dena astiro joan zen, baina Lezamako 2007 jaietan kontzertua eman genuenetik gauzak azkarrago doaz. Oso gazterik aukeratu duzue musikaren bidea… Ba al duzue prestakuntzarik arlo horretan? Musika betidanik gustatzen zaigu eta antzeko gustuak ditugu, batez ere rocka gustatzen zaigu. Ikastetxean hizkuntza musikala ikasi dugun arren eta partiturak irakurtzen jakin arren, belarriz funtzionatzen dugu, geuri gustatzen zaiguna joz. Kontatu mesedez orain arte egin duzuena, zeuon curriculuma… Eman ditugu kontzertu gutxi batzuk jadanik (Bilborock-en, Lezaman, Derion…) eta hainbat abesti konposatu ditugu. Horietatik zortzi bat guztiz prest ditugu maketa batean grabatzeko hil honen amaierarantz. Zer motatako musika jotzen duzue eta zeintzuk dira gustukoen dituzuen taldeak, zeuon ereduak? Gehien gustatzen zaiguna eta jotzen duguna hard-rock musika mota da. Taldeen artean, bakoitzak bere gustuak ditu, hala nola, Guns and Roses, AC/DC, Iron Maiden, Metallica, Kaotiko, Turbo Negro eta Led Zeppeling edota Deep Purple. Nola ikusten duzue zuen etorkizuna, batez ere musika munduan? Une honetan DBH ikasten ari gara laurok eta gerorako ikasteko proiektuak ere baditugu (moduluak edo unibertsitatea), batez ere pentsa ez dadin musikarekin bakarrik obsesionatuta gaudela, baina hortik bizitzeko asmoa eta esperantza ditugu. Momentuz, gure zaletasuna handia denez, jotzen jarraituko dugu zerbait sendoago irten arte. Guk oso serioan hartu dugu guzti hau, saio ordu asko ematen ditugu, konstantziaz dihardugu… Maketa grabatu ostean, leku askotara bidaliko dugu jendeak ezagutu eta gure erreferente bat izan dezan. Aikor! aldizkariak eskaintzen digun tarima honetatik antolatzaileei eta kultur arduradunei eskatzen diegu bideak irekitzeko, herrietan, jai eta ospakizunetan, gaztetxeetan…

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).