Bakarrik jaten ez duten zaharrek nutrizio hobea dute

Aikor aldizkaria 2008ko mai. 27a, 08:53

Gero eta gehiago dira herrialde garatuetan bakarrik bizi diren zaharrak. Horrek ondorio garrantzitsuak izaten ditu osasun publikoan, faktore psikoafektiboez gainera. Joan den hilabetean sinposio bat egin zuten Zornotzako Igurco Orue zahar etxean, eta han zaharren jateko moduak edo ohiturak izan zituzten mintzagai. Arantza Perez geriatrak azaldu zuenez, jatorduek elikagaiak ematen dituzte organismoek modu egokian funtzionatzeko, baina, gainera, faktore soziokulturalek eragin handia izaten dute jatordu horietan. Hain zuzen ere, faktore horien ondorioa da bakarrik jaten duten zaharrek desnutrizio arazoak izatea. Jatorduak lagunarte barik egiten dituztenek garrantzi txikia ematen diote janariari, eurentzat galdu egin delako janariaren alderdi soziala. “Joera horrek ondorio kaltegarriak izaten ditu; eta asko, gainera”. Dietan ohitura monotonoak izatea da haietako bat. Gorputzak era askotako elikagaiak behar ditu, baina zahar batzuek jaki berdintsuak hartzen dituzte egunero. Askok oso gutxitan prestatzen dute jatekoa, eta plater bakar bat egiten dute hainbat egunetan jateko. Beste alde batetik, mastekatzeko eta irensteko zailtasunek dieta bigunak aukeratzera behartzen dituzte eta zahar batzuek modu desegokian egiten dituzte jatorduak. Faktore horien guztien ondorioz, elikadura okerra izan dezakete. Kultura eta ekonomia faktoreak Baina jateko ohiturak ez ezik beste faktore batzuk ere hartu behar dira kontuan, Perezen iritziz. Horrela, zaharren kultura mailak eragina zuzena izaten du aukeratzen duten dietan. Egoera ekonomikoak ere zerikusia izaten du horretan, “dietarik merkeenak koipetsuak dira eta azukre sinpleak dituzte. Kaloria gehiegi hartzen dira eta gehiegizko pisua izateko arriskua dago”. Geriatrak sinposioan jakinarazitakoaren arabera, gizartetik eta familiatik bereiz bizitzeak elikadura ez zaintzea ekartzen du; lagunartean bizi direnek, berriz, nutrizio hobea izaten dute orokorrean.