Gabonetako menua

Aikor aldizkaria 2008ko abe. 16a, 15:06

Errezetak: Maite Lekerika, sukaldaria

Azalorezko krema Osagaiak (lau lagunentzat): - Azalore ½ - 100 g ganba zuritu - 4 berakatz-zati - Limoi erdiren zukua - Oliba-olio txorrostada bat - Ura eta gatza - Bezperako ogia dadotan ebagia eta prijituta Prestatzeko erea: Azalorea 20 minutuan izango dogu uretan egosten. Gatza be botako deutsagu. Berakatzak oliotan gorrituko doguz, eta horreek eta limoi zukua gehituko deutsaguz azaloreari. Irabiagailutik pasatuko dogu. Zartagin baten olio-tanta batzuk bota, eta ganbak salteatuko doguz. Ganbak kremari gehitu eta ogi prijituak lagunduta mahairatuko dogu. Kapoi betea (Egilea: Joseba Bringas, kapoi-hazlea) Osagaiak: - 2,5 kiloko kapoia Betegarria egiteko: - 75 g pinazi txigortu - kopa bat brandy - ogi-xerra bi - sagar bi - 50 g intxaur - 50 g okeran (hazur bakoak) - 50 g mahaspasa - txarri-gantza Saltsa egiteko: - azenario bi - porru bat - kinpula bi - litro ½ hegazti-saldea - kopa bat oporto - baratxuri-atal bi - gatza eta piperbaltza Goarnizioa egiteko: - aza gorri txiki bat - golden sagar bi - koilarakada bi azukre baltza Prestatzeko erea: Ogia zatitu eta brandytan jarriko dogu beratuten. Sagarrak zuritu eta horreek be zatituko doguz. Fruitu lehorrak ogia eta sagarrakaz nahastuko doguz. Kapoia nahasteagaz beteko dogu eta, beharrezkoa izan ezkero, josi egingo dogu. Txarri-gantzaz igurtzi eta gatza eta piperra botako deutsaguz. Barazkiak garbitu eta zatitu ostean, ontzi baten jarriko doguz eta horreen ganean, kapoia. Labean sartu eta 20 minutuan erreko dogu 250 gradutan. Denbora hori pasa ostean, 150 gradutara jaitsiko dogu tenperaturea. Oporto ardoa bota eta lurrunduten itxiko dogu apur baten. Saldea gehituko deutsagu. Ontziari estalkia jarriko deutsagu, kapoia sikatu ez daiten. Labean ordubetean izango dogu eta aldizka bustiko dogu egosketa-zukuaz. Egiten danean, labetik atera eta jalkiten itxiko dogu. Bularkiak eta izterrak bereiztuta zatituko doguz. Aza gorria zerrendatan moztu eta egosketa bat emongo deutsagu mikrouhinean. Gurin apur baten erregosi eta sagarrak gehituko deutsaguz (dadotan ebagita). Sueztituko dogu, dana bigundu arte. Azukre baltza gehituko deutsagu. Kapoia xerratan ebagi eta goarnizioagaz atarako dogu mahaira. Ezusteko postrea Osagaiak (lau lagunentzat): - Merengea egiteko 3 zuringo 4 koilarakada azukre Limoi erdiren zukua Gatz apur bat - 4 sobao txiki - 3 milekota (erdi txikituak) - 3 zati anana (txikituak) - Milekota eta ananazko zukua (apur bat) - Bainilazko izozkia Egiteko erea: Merengea elur-punturaino egin eta hozkailuan gordeko dogu (ordu bi edo hiru ordu arinago egingo dogu). Sobaok erdibituko doguz eta labera sartzeko moduko bandeja baten iminiko doguz horizontalean, base bat eginez. Frutak txikitu eta sobaoen ganetik jarriko doguz. Zukuagaz apur bat bustiko dogu eta erreserbatu egingo dogu. Labea 200 gradutan berotuko dogu eta muntaia postrea jateko orduan egingo dogu: Sobaoen ganean frutea iminiko dogu eta horren ganean, izozkia (zentimetro bateko lodierea izan behar dau). Izozkiaren ganean merengea jarriko dogu. Bandejea estali eta labean bost minutuan izango dugu, gorritu arte.