Gaur, urtarrilak 27, betiko orduan urten dot etxetik beharrera joateko, baina berandu heldu naz. Asutik pasatzean Ertzaintzaren kotxe batek istripu bat zalako iragarpena emon deust, baina erratuta egon naz, guztiz erratuta. Asua ibaiak ganezka egin dau eta bidea itxi behar izan dabe. Ibaiak antzinako bideari eutsi nahian eta guk presari ezin eutsi erlojuari begira. Gaur berandu! Azkenean aurrera egin dot, atzerapena ez da horrenbesterako izan eta bidea lasai egin dot irratia eta linpiaparabrisaren erritmo frenetikoa entzuten. Institutura heldu eta argia kinuka hasi jaku, joan eta etorri, joan eta etorri... Zelango eguna! Arratsaldeko klaseak intimoagoak izan dira, argi bakoak. Eguraldiak eguna hondatu gura deusku. Zer egin deutsogu ba? Gero kontrako galdera egin deutsot buruari: Zer ez deutsogu egin? Errespetatu. Erantzun erreza baino gaur egun betetzeko gatxa. Hasierako itauna egin barriro eta mila erantzunetako iturria zabaldu jat. Itsaso, mendi eta lurren gehiegizko ustiapena; karbono dioxido isurketa eskerga... Beharbada mendeku hutsa baino ez da.
Antza, Lurra berotze prozesu geldiezinean dago. Bururik baleu, bero ez, irakiten eukiko leuke. Nire ustez, Lurra planeta zorrizto bat baino ez da. Zorriak parasitoak dira, ezta? Gu geu ere bai. Parasitoak kentzeko modu bakarra neurri gogorrak hartzea da, eta Lurrak parasitoak burutik kendu gura dauz.