Eneko Eguskizaga, areto-futboleko jokalaria: “Familia bezalakoa da Hegalariak taldea”

Aikor aldizkaria 2009ko api. 23a, 14:51
Biologia ikasten hasi eta Sondika CD futbol taldea utzi zuen Eneko Eguskizagak, Sondikako Hegalariak taldean areto-futbolari ekiteko. Eskiatzea ere gustatzen zaio. Kirolari peto-petoa da 20 urteko gazte hau. Zelan hasi zinen areto-futbolean jokatzen? Sondika futbol taldean aurrelari jokatzen nuen, baina unibertsitatean arratsaldez hasi nintzen ikasten. Beraz, ez nuen astirik aldi berean futbolean aritzeko eta ikasteko. Eta futbola utzi nuen. Orduan, Hegalariak taldeko batek galdetu zidan ea bertan jokatu nahi nuen, ez zela denbora gehiegi behar. Eta onartu egin nuen. Futboletik areto-futbolera pasatu zinen. Zelan aldaketa? Nahiko gogorra. Jendeak uste du gauza bera dela, baina ez da egia. Hasiera batean, galduta sentitzen nintzen aretoan, lekurik gabe eta lekuz kanpo. Baina denboraren poderioz, egokitu egin naiz. Aurrelaria nintzenez, futbolean ez nuen gehiegi defendatu behar; areto-futbolean, ordea, gora eta behera ibiltzen naiz, hau da, jokalari guztiok aldi berean egon behar dugu erasoan eta defentsan. Taldekide asko zu baino zaharragoak dira. Zelan moldatu zara eurekin? Ondo, oso ondo. Oso jatorrak dira eta primeran hartu ninduten. Familia bezalakoa da Hegalariak taldea, hainbat adinetako lagunak baikara. Oso giro ederra dugu: txantxak, barreak... Jokatzeaz gain, bazkariak eta meriendak ere egiten ditugu, besteak beste. Iaz primeran ibili zen taldea, baina aurten okerrago dabil. Zer gertatu da? Ez gara fin ibili. Ez dakit zergatik. Arrazoi asko egon daitezke: lesioak izan ditugu, aurtengo txapelketa lehia handiagokoa da, talde hobeak baitaude... Gainera, aukerak sortu arren, izugarri kostatzen zaigu golak sartzea. Eta zu, zelan ibili zara aurten? Iaz baino kaskarrago. Aurreko denboraldian 15 gol sartu nituen, esaterako, eta aurten askoz gutxiago egin dut. Futbolariaz gain, futbolzalea ere izango zara. Zein talde gustatzen zaizu? Athleticzalea naiz, baita bazkidea ere. Eta Kopako finala ikusteko txartela tokatu zait. Lagunekin joango naiz Valentziara. Ea zorterik dugun eta irabaztea lortzen dugun. Nik uste dut irabaziko dugula, baina zaila izango da, Bartzelona oso talde ona da. Futbolaz aparte zer egiten duzu? Biologia ikasten nabil, oso gustura. Hirugarren mailan nago. Biokimika egin nahi dut eta etorkizunari begira masterren bat egingo dut, kanpoan agian. Ingalaterrara joango nintzateke. Biologia ikasiz gero, badakit aukera gutxi daudela lan egiteko, baina saiatuko gara.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).