Oporretan, nora? Txorierrira!

Testua: Erika Pereda, kazetaria
Udan gaude; oporretara joateko garai nagusia da eta norakoak milaka dira. Kuba, Berlin, Katalunia... norako exotikoak, urrun daudenak, kulturarekin lotutakoak... Baina badira oporretara joaten ez diren lagun asko eta asko. Dirua edo lana dela-eta, aukera hau izaten da: hondartzara joan eta eguna lagun edo etxekoekin pasatzea. Gure herrietatik gertu, baina kanpo. Gure harana ez da leku turistikoa, zergatik ez? Larrabetzuko hirigunea kultura-ondarea da; Donejakue Bideak Txorierri zeharkatzen du; “GR 280” izenekoak ere gure lurraldetik igarotzen du... Bada garai aproposa leku hauek eta beste asko ezagutzeko, eta posible da. Udalek eta Mankomunitateak gure iragana, natura edo ibilbideak zabaldu beharko lituzkete, eta Internet baliabiderik egokiena bihurtzen da horretarako. KZguneak ditugu, teknologia berriak denon eskura daude; informazio hori hedatzea besterik ez dago. Txorierri dastatzera baten bat ausartuko da; eta ez ahaztu ekimen hauek garapena eta bizi-kalitatea ere badirela, eskaintza berria, aukera berriak. Topikoa da, baina topiko gehienak bezala, guk geuk bihurtzen dugu egi: ezezaguna dugu hurbil-hurbil daukaguna, eta munduan zehar bidaiatzeko joera dugu.