Pello Madariaga, aktorea: “Protagonismoa gustatz

Aikor aldizkaria 2009ko aza. 20a, 13:45
Izar bat jaio da Lezaman. Pellok Daviden papera egin dau Zigortzaileak pelikulan, lehendabiziko filma izan dana 13 urteko gaztearentzat. Beharra laster estreinatuko dabe Euskal Herriko aretoetan. Zelan ailegatu jatzun pelikulea egiteko aukerea? Gurasoek emon eusten castingaren barri eta aurkeztera animatu ninduen, niretzat aukera ona izan leitekealakoan. Ez neban askorik pentsau, zine mundua betidanik gustatu jatalako. Protagonismoa gustatzen jat, jentearen atentzinoa erakartzea. Ondo moldatu zinan castingetan? Bai, ez ziran zailak izan eta ni neu be ez nintzan urduri ibili. Lehenengo castinga Bilbon egin zan eta han neure burua aurkeztu behar izan neban. Hurrengoak Portugaleten izan ziran eta gidoi batzuk emon euskuezan ikasteko. Amagaz eta aitagaz egin nebazan entseguak. Castingetara mutil eta neska asko aurkeztu ginan eta akabuan zazpi gaztetxo hartu ginduezan, filma egiteko. Egundoko poza hartu neban eta lagunek autografoa emon beharko neutsela esaten eusten. Zeri buruzkoa da pelikulea? Bullingaren ganekoa da, eskolan ikaskideen artean gertatzen dan abusuaren ganean. Eta hau islatzen dau: batzuetan gauzak egiten doguz besteei oso min handia egiten ari gatxakezala konturatu barik. Eta nor da David, zure pertsonaia? Oso ikasle alferra da eta ez jako ezer interesatzen. Bati dabil besteei iseka egiten. Beraz, gaiztoaren paperea egitea tokau jatzu. Gustura ibili zara? Bai! Ganera, ni be nahiko alferra naz. Zein lekutan filmatu dozuez eszenak? Portugaleteko ikastetxe baten, Algortan eta Berangon. Pelikula bat ikusten dozunean, pantailan agertzen diran aktoreak baino ez dozuz ikusten, baina atzetik ekipo handia dago: zuzendaria, kameralariak, mikrofonoak... Jente asko dago zuri begira, baina aurretik entsegatu badozu, ez dago arazorik. Oso esperientzia polita izan da eta oso ondo tratatu nabe. Ganera, asko ikasi dot aktoreengandik. Eskerrak emon gura deutsedaz guztiei. Asko ikasi behar izan dozu? Ez, izan be nire pertsonaiak ez dau berbaldi handirik. Halandaze be, gogor ekin deutset entseguei. Batzuetan neuk bakarrik entsegatu dot; beste batzuetan, gurasoakaz... baita amamagaz be! Eta askotan errepikatu behar izan dozuz eszenak, filmatzean? Gehienak bai. Filmatzea udan egin genduan... eta oso bero handia egoan! “Zigortzaileak” gaiztooi aurre egiten deuskun taldea da eta, noski, zigortzen gaitue. Zigor batzuk politak izan dira alde batetik; baina bestetik, oso gogorrak. Ni hotzak jota ibili naz, zorabiatu egin naz... Baina oso esperientzia polita izan da orokorrean. Zelango aktorea zarala esango zeunke? Pozik nago egindako lanagaz, dana hobetu leitekean arren. Umorezko paperetan ikusten dot neure burua. Aktorea izatea gustatuko litxakit, eta Hollywoodera joatea... eta zuzendari ospetsuakaz behar egitea, Amenabar edo Tarantinogaz, esatearren. Baina ikasketak dodaz lehentasuntzat momentu honetan. Besteak beste, Macaulay Culkin, Hugh Jackman eta Mel Gibson aktoreak gustatzen jataz. Pelikulea urtarrilaren inguruan estreinatuko da. Zergaitik joan beharko ginateke ikustera? Oso interesgarria dalako eta pelikularen “onengandik” zein “gaiztorengandik” gauza asko ikasiko dozuezalako. Ganera, barreak be botako dozuez. Bullinga oso gauza txarra da, eta uste baino kalte handiagoa egiten dau, fisikoki ez eze ikasketetan be. Nik banekien bullinga egoala, baina ez nekien hain gauza serioa zanik.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).