Goi fidelitatea filmean galdetu zioten John Cusacki (protagonista da, musika denda baten eta disko bilduma ederraren jabe) zeren arabera antolatzen zituen diskoak: alfabeto hurrenkera, estiloak, ekoizpen urteak, disko etxeak... Hona erantzuna: modu autobiografikoan, disko bakoitza bere momentuan, bizitzan toki zehatz bat harturik.
Ardoarekin antzeko zerbait gertatzen da, aldeak alde; ardo zerrenda prestatzean, aukera sorta bat presta daiteke baldin eta azken proposamenari koherentzia emango dion hariren bat badago. Ardo zerrenda oso desberdinak ikusi ditut, baina ez ardo markengatik, baizik eta ardoak proposatzeko modu eta egituragatik. Batzuk oso klasikoak; besteak oso abangoardistak. Batzuk oso zabalak; besteak laburragoak. Baina denek antzeko kontzeptua dute oinarrian: atsegina eta une onak sortzea.
Nik udazkeneko koloreak ditut gogoko, udaberriko argitasuna, udako poztasuna eta neguko malenkonia. Beraz, itxaropen eta gustu guztiak aseko dituen kolore eta nahi paleta bat nahi nizueke proposatu 2010erako. Gure ardo zerrendak apardun bikainak izango ditu, mingostasuna apur bat markatuko digutenak, baina gogoa piztu aurten aurrera ekarriko digutena jateko. Zuri freskoak, zorion pindarra emango digutenak ataka gainditzeko. Gorriren bat, zalantza uneetarako, segurua baita izango direla halako uneak. Beltz arinak, egunez egunekoa menderatzeko behar den kemenari etengabe eusteko. Eta pisu handiko beltzak, pisuko uneak zigilatzeko. Uste dut ez dela esan behar ardo gozoak ere izango direla, ondo dakizuenez, hain gogokoak ditudanak ihes une horietarako, zeinek, dena esan behar da, legez aginduta egon beharko luketen. Zoratu gabe, gure ardo zerrendak bizirik egon behar du, aikorlagunok, berritasunei irekia, eta klasikoekiko leial, hemen denetarik eta gustu guztietarako baitago. 2010. urtea urte ona izango da. Nik hala nahi dut zuentzat. Zorionak eta on egin.