Joseba Ugalde ardi-moztailea: “Oporretan bizi na

Aikor aldizkaria 2010ko eka. 23a, 14:29

Testua eta argazkiak: Gaizka Eguskizaga

Beste ugaldetar bat etorri jaku “Baserri mundua” atalera. Josebak, gazteena, ulea mozten deutse ardiei, eta normalean leku batetik bestera ibilten da. Zorionez, Larrabetzun harrapau dogu eta lezamar horregaz berba egiteko aukerea euki dogu. Zelan hasi zinan behar honetan? Artzain baten etxean egon nintzan beharrean, eta bertan moztaile batzukaz jarri nintzan hartu-emonetan. Hareek eskini eusten eurakaz joatea ardiak harrapetan, eta onartu egin neban. Guztira, bost urte emon neban holan. Geroago, igaz, taldean sartu nintzan. Bertan ez dago beste txorierritarrik: Durango eta Markinakoak dira. Ganera, batzuetan Nafarroako koadrila bategaz ibilten gara. Zergaitik erabagi zenduan behar horreri ekitea? Betidanik gustau jat ardi-moztaileakaz ibiltea. Txikitan aitagaz joaten ginan Zornotzara artzain bategana, eta batzuetan beharrak egiten eta ardiei ulea mozten laguntzen geuntsan. Garai hatan artaziak erabilten ebezan moztaileek. Gogoratzen dot gustura ibili nintzala, eta gaur egun be gustaten jat beharra. Zergaitik gustaten jatzu? Beharra bera gustaten jat, eta horrezaz ganera bidaiatzeko aukerea emoten deust horrek. Holan, leku eta jente asko ezagutzen dodaz. Besteak beste, lorazain, lantegi bateko langile edo basazain be egin dot behar, baina gehien gustaten jatana moztailearena da. Oporretan bizi nazala sentiduten dot behar honeri esker. Behar gogorra emoten dau, batez be bizkarrerako... Bai. Arduratsua izan behar zara. Artzainari egun batean joango zarala esaten badeutsazu, bete egin behar da berbea. Eta lana ardiak bukatzen diranean amaitzen da. Osasunari jagokonez, jarrerea zaindu behar da, beste behar askotan gertatzen dan moduan. Moztailea izateak erresistentzia eta malgutasuna eskatzen dauz, eta horregaitik luzatze-ariketak egitea da komenigarria. Zelan ikasi dozu ogibidea? Baten batek pentsau lei ogibidea ekinaren ekinez ikasten dala, baina ikastegiak eta unibersidadea be badagoz. Unibersidadea Zeelanda Barrian dago. Nik ikastaroak egin dodaz Frantzian, Oñatin, Jakan, Extremaduran... Ikastea ez da inoz amaitzen. Ozeaniatik ekarritako teknikea ikasi dogu: lehen animaliaren hankak lotzen genduzan, baina orain, ardiak aske dagozala ebagiten deutsegu ulea. Holan azkarrago egiten da eta ardiek gitxiago sufriduten dabe. Hainbat gauza ikasi behar dira: esaterako, ardiak zelan nasaitu. Horretarako, moztailea be egon behar da nasai; bestela, ardiek igarri egiten dabe eta hasten dira mugiten. Ez dago ardi gaiztorik, norberak eman behar deutso nasaitasuna, eta holan ondo aterako dira gauzak. Beste alde batetik, gorputza zelan erabili be ikasi behar da. Koordinazinoa funtsezkoa da: eskumako eskua, ezkerrekoa, hankak... Bakarrik ala taldeka egiten dozu lan? Ardien arabera. Asko badira, koadrilakoak biltzen gara beharrari ekiteko, baina gitxi badira, bakarrik ibilten naz. Urte osoan dozu lana? Mozketa bi egiten dira gaur egun. Bata, ardiak menditik bajatzen diranean. Guretzat errezagoa da, animaliak garbiago dagozalako. Eta bestea, maiatzean eta ekainean egiten da. Neguan gitxi egiten dogu lan. Dana dala, moztailea zaranean, inoiz ez dozu jakiten noz eukiko dozun beharra, eta askotan deiaren zain egoten zara. Adibidez, Frantzia eta Extremduratik ibili naz hartu-emonak egiten, eta gerta daiteke laster bertan be lan egitea. Frantzian neguan mozten dabe ulea, baita Zeelanda Barrian be, han udea dalako. Zelan ikusten dozu etorkizuna? Etorkizuna gaur eta hemen dago. Gaur ardi-moztailea naz, baina bihar ez dakit. Baserrian lan egitea oso gatxa da gaur egun. Gazte askok ez dabe gura, baina gura dauenak ezin dau, inbertsino itzela egin behar dalako, eta erakunde publikoek hainbat gauza eskatzen dabezalako.