Alaitz Ziordia, bitxi-diseinatzailea: “Ausarta i

Aikor aldizkaria 2010ko uzt. 26a, 13:04

Sormen handiko gaztea da Alaitz Ziordia zamudioztarra, orijinala eta hauslea. Lepokoak, belarritakoak, giltzatakoak... egiten ditu eta bere diseinuak Txorierrin ez eze Euskal Herriko hainbat txokotan be bihurtu dira ospetsu. Etxbitxiak da euren marka. Nondik dator zure bitxien orijinaltasuna? Egiten dodan materialen nahastetik. Aspaldi honetan metala gehiago erabilten banabil be, diseinuetan material desbardinak buztartzea gustaten jat: haziak, egurra, harria, erretxina... Eta hain zuzen be horregaitik uste dot nire bitxiek erakarten dabela jentea. Zelangoa da zure lan prozesua? Gustaten jatan lepokoa, garrikoa... edozein gauza erosi eta apurtu egiten dot. Ondoren, ha osatzen daben aleak erabilten dodaz, beste osagarri batzuk diseineteko. Esate baterako, garriko baten aleak belarritakoak edo lepokoak egiteko erabili neikez. Etxean tiradorez betetako armairu handia daukat, eta tirador bakotxean, hainbat osagai eta material. Horreek neure gustuaren eta momentuan bu-ruratzen jatanaren arabera buztartzen dodaz. Ikuspuntu berezia da zurea, dendetan bitxiak barik horreek osatzen dabezan aleak ikusten dozuz-eta. Bai. Ganera, nire diseinuen antzekorik ez dago dendetan, eta ez dago diseinatzailerik beharra nire moduan egiten dauenik. Horregaitik da oso erronka handia niretzat. Bitxi handi bat ateraten jatanean, koloretsua... neure buruari galdetzen deutsat ea inork ipiniko dauen soinean. Izan be, batzuetan, nire diseinuak eroateko, ausarta izan behar dala pentsetan dot. Baina arrakasta handia dabe eta jenteari gustaten jakoz orokorrean. Hiru urte daroadaz azokarik azoka, eta ondo saltzen da. Normalean, Bizkaiko eta Arabako azoketara joaten naz, eta prest nago diseinuak edozein leku eta ekitalditara eroateko. Baina zu irakaslea zara; bitxiena zaletasuna da, ezta? Diseinetea erlaxazio-momentuetan egiten dot; telebista aurrean nagoala edo inspirazinoa etorten jatanean. Beharra presinopean egin behar badot, gauzak ez deustez hain ondo urteten. Gustauko litxakizu zaletasuna inoz ogibide bihurtzea? Ez daukat oso argi, baina autortu behar dot inoz pasau egin jatala burutik. Arlo honetan jarduteko, oso ausarta izan behar zara, eta sinisgarritasun handia euki zeure beharrean. Nik badakit jenteari gustetan jakozala nire bitxiak, eta alde horretatik uste dot izan letekela zaletasuna ogibide bihurtzea. Baina honelako negozio baten sartzea oso pauso handia da. Inbertsino handia egin behar da, eta beste persona baten laguntasuna be behar da. Ez dakit nik bakarrik aurrera aterateko gauza izango nintzan. Batek daki! Zein da egin dozun beharrik bereziena? Gatxa da esatea. Halanda be, niretzat oso adierazgarria izan zan orain dala hiru urte Bizkaiko Urtxintxa eskolarako egin genduan oroigarria. Eskolak 20 urte bete zituen eta fimozko giltzatakoak egin genduzan, jentearen artean banatzeko. Oso berezia izan zan, beharra lagun batzuen artean egin gendualako. Kontaktua: etxbitxiak@hotmail.com