Itzulera

Aikor aldizkaria 2010ko ira. 27a, 08:33

Ines Serrano, filosofian lizentziatua

Dabilen harriari goroldiorik ez, eta aurten ere beste mundu batzuk ezagutzera alde egin dugu egun batzuetarako. Baita pozik itzuli ere. Harik eta iraileko berri batzuk ezagutu arte. Izan ere, Txorierriko institutu publikoa, ikasle kopuruaren gorakada aurreikusita, handitu beharra zegoela gauza jakina zen aspaldian, eta horretarako pausuak ematen hasiak ziren. Baina hara non hezkuntzako departamentuak bestelako lanak agindu dituela abuztuan, premiazkoak zirela eta, eskola komunitatearekin ezer adostu gabe. Ondorioz, eta besteak beste, areto nagusia zatitu da eta kanpoko patioa murriztu nahi dute. Hau da, gure seme-alabek batzeko eta kanpoan egoteko eskubidea (eta beharra) badute, baina leku fisikorik ez. Nagusien mundura egingo dugu orain. “Eskubide guztiak guztiontzat” lelopean batzeko deialdi zabal bat egin zen irailaren 11ean, herritarren indarra eta partaidetza batu gurean, eta ezin izan zen gauzatu, debekuen ondorioz. Oraingoan leku fisikoa soberan, baina eskubiderik ez, antza. Antzinako Grezian aukeratu batzuk baino ez ziren hiritarrak, res publika-ren partaideak. Gaur egun izendapena ia denok izan arren, gure eskumenak urriak dira oso. Horrenbeste molestatzen ote dugu?

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).