Ardoaren lege berria. Kategoriak

Aikor aldizkaria 2010ko urr. 25a, 14:23

Testua: Iñaki Suarez, sumillerra

Ardoaren lege berriak hainbat kategoria ezarri ditu, ardo batzuk beste batzuetatik bereizten laguntzen digutenak. Batzuk ezagunak dira; eta beste batzuk, beharbada, ez. Gauza da, ardoa kategoria horietako baten bati lotuta egoteak kalitate-kanon batzuk, eta dastatuko dugun produktu motaren gaineko seinaleak dakartzala. Baina badakizue salbuespenak beti daudela, onerako zein txarrerako, beraz hobe da horiek ezagutzen joatea. Kategoriak hauek dira: Mahaiko ardoak. Mailarik baxuena da kategorien barruan. Izen hori erabiltzen da hainbat tokitako mahatsen nahasketatik, edo nahasketa gabe, lortzen diren ardoez gabiltzanean; baina jatorrizko deitura zehatz baten barruan egon nahi ez duten ekoizle batzuek ere heltzen diote sailkapen horri. Ardoa ekoizteko modu hori modan dago Italian. Mahaiko ardoa kategoria bitan banatzen da; alde batetik, Adierazpen geografikoa duten mahaiko ardoak, zeinetan inguru geografikoa, mahatsondo mota eta biltzen dituen ardoak adierazi behar baitira, eta bestetik, Lurraldeko ardoak, gutxieneko graduazio alkoholiko bat eta ezaugarri organoleptiko zehatz batzuk eduki behar dituztenak. Frantziako Vin de Pays ardoen baliokideak dira. Eskualde zehatz baten ekoiztutako kalitatezko ardoak. Goi mailako kalitatea dute, salbuespenak beti egon arren. Hauek ere hainbat kalitate-mailatan banatzen dira. Adierazpen geografikoa duten kalitatezko ardoak: kategoria berria da. Eskualde zehatz baten egindako ardoak dira, bertako mahatsak erabilita, eta euren kalitatea jatorri zein giza faktoreen araberakoa da. Jatorrizko deitura duten ardoak: gaur egun bezala, Kontseilu arautzaile batek kontrolatzen ditu horien kalitatea eta tipikotasuna. Jatorrizko deitura kalifikatua duten ardoak: Jatorrizko deituren barruan dagoen goi mailako aintzatespena da. Estatuan bi daude: Errioxa eta Priorat). Bazter jakin bateko ardoak: mahasti jakin bateko ardoak dira, eta upeltegia eta botilaratze-instalazioa ere lursail horretan egon behar dira. Lursaila Jatorrizko deitura kalifikatu batean egongo balitz, Bazterreko ardo kalifikatua izango zen. On egin.