Nerea Alias ETB l telebista kateko aurkezlea: “T

Aikor aldizkaria 2010ko aza. 18a, 14:48
Testua: Gaizka Eguskiza / Argazkiak: Indra Murugarren eta Nerea Alias
ETBko gazteentzako saioak aurkezteagatik da ezaguna Nerea Alias (1984) anoetarra. Telebistan neska hurbila eta jatorra ematen du, eta horrela agertu da Aikor! aldizkariaren deiari erantzun dionean. Nerea Txorierrira etorri zen “Izarren distira!” gala aurkeztera. Zelan pasatu zenuen Sondikako galan? Gazteak eta ikuskizuna uztartu ziren bertan. Gustura, ezta? Oso ondo pasatu nuen. Hasiera batean, entseguetan-eta, urduritasun handia egon zen, baina azkenean gala polita atera zen, eta guztiok gustura ibili ginen: parte-hartzaileak, antolatzaileak... Zein izan zen gehien gustatu zitzaizun artista? Irabazi zuena edo beste bat? Zaila da bat aukeratzea, bai Sondikan bai beste hainbat lekutan egin ditugun galetan. Aurkezten direnen maila oso altua da, eta askotan harrituta gelditzen zara kategoria guztietan: dantzan, saio librean... Gazteek serio hartzen dute gala, gogor entseatu, eta emaitzak onak dira. Askotan esaten da gazteek ez dutela ekimenik, baina hori ez da egia. Artisten harrobi polita dugu Euskal Herrian, ezta? Nik uste dut baietz. Pena da hori erakusteko aukera handiegirik ez diegula ematen. Baina “Izarren distira!” galak horretarako daude. Gala aurkeztea eta programak telebistan aurkeztea gauza bera da? Bietan aritzen naiz gazteekin, baina ez dute zerikusi handirik. Galetan gazteekin dugun harremana gertuagoa, beroagoa da. Telebistan, aldiz, ez dago denborarik gazteekin egoteko; dena doa azkar telebistan. Normalean euskaraz egiten duzu lan. Gusturago euskaraz gaztelaniaz baino? Nire ama hizkuntza euskara da, eta naturaltasun handiagoa daukat euskaraz gaztelaniaz baino, errazagoa da niretzat. Horrek ez du esan nahi hizkuntza horietako bat nahiago dudanik. Normalean euskaraz egiten dut lan, baina gaztelaniaz egin beharko banu, arazorik gabe hartuko nuke ohitura. Telebistan aurkezle eta aktore ibili zara (Balbemendi telesaioan). Zer nahiago duzu? Inoiz pentsatu dut aktorea izatea, baina ez dut serio hartzen, agian lan-eskaintza seriorik ez delako inoiz suertatu. Aurkezle nabil, eta, gainera, gustura. Lanbide zaila da, eta momentuz nahikoa dut. Etorkizunari begira, beharbada zerbait ezberdina egitea pentsatuko dut, gauza berriak egiteagatik eta gustatzen zaidalako. Izan ere, saltsa guztietan sartzea gustatzen zait. Aktorea izatea etorkizunerako dudan planetako bat da. Gazteentzako eskaintza txikia dago gaur egungo telebistan oro har, ezta? Zer dela-eta? Oso galdera ona da eta guztiok egiten dugu. Bai, eskaintza txikia da, baina ez dakit zergatik. Batez ere azken bolada honetan saioak bertan behera gelditu dira, eta eskaintza are eskasagoa da. Etorkizunari begira espero dut joera hori aldatzea. Telebistan, gehienetan gazteei lotutako programetan aritu zara. Beste saio mota bat egitea gustatuko litzaizuke? Bai, baina gazteekin gustura nabil, eta oraingoz ez diot nire buruari horrelakorik planteatzen. Lehen gazte-gazteekin egiten nituen saioak, orain publikoa nagusiagoa da, nerabeak, eta aldaketa lasaia izan da. Dena dela, erronka berrietara zabalik nago. Oso alaia eta berritsua zaren irudia duzu telebistan. Etxean ere horrelakoa zara? Tira, telebistan agertzen den pertsonaiak badu zerbait nirea dena, hau da, neurri batean, ni ere banaiz horrelakoa. Hala ere, ezin dut egun osoa horrela pasatu. Nik ere momentu txarrak ditut, eta ezin naiz beti irriabartsu eta txantxetan ibili. Pertsona normala naiz, baina bai, “teatreroa” naizela esango nuke. Facebook sarean “Si nos juntamos 100.000 Nerea Alias se despelota” taldea osatu dute. Zelan daroazu ospea eta hainbat lagunentzat neska erakargarria izatea? Ondo eta gaizki. Zazpi urte daramat telebistan eta ohitura hartu dut. Hala ere, ez da batere erraza, eta hasiera batean kostatu zitzaidan. Batzuetan oraindik ere ez da erosoa, baina ikasi behar da horrekin bizi izaten. Oro har ondo daramat ospea, patxadaz hartzen dudalako. Uste duzu 100.000 lagun bilduko direla Facebook sareko talde horretan? Taldearena gezurra da, ez naiz biluztuko, eta ez dakit nork bultzatu duen. Pixka bat beldur diot egoerari: ea azkenean guztiak biltzen diren eta etortzen zaizkidan kontu eske (kar, kar). Barregarria da norbaitek zure irudiak ez dakit zer lortzeko balio duela pentsatzea. Baina argi utzi nahi dut gezurra dela, edo behintzat niri ez dit inork ezer proposatu.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).