Efrén Vázquez, moto-gidaria: “Laster etorriko

Aikor aldizkaria 2010ko abe. 17a, 14:25
Testua: Gaizka Eguskiza
Euskal Herrian asko dira motorzaleak, eta gaur egun berriro dute nor miretsi. Izan ere, azken urteotan bada euskaldun bat 125 cc-ko Munduko Txapelketan parte hartzen dabilena: Efrén Vázquez bilbotarra. Herri Torrontegiren lekukoa harturik, haren babespean garaipenak gurera ekartzen saiatuko da. Efren Sondikan egon zen, motor erakusketa bat antolatu baitzen bertan. Zelan Sondikan? Oso ondo. Izugarrizko lana egin da, ekimena aurrera eramateko, eta ondo baino hobeto atera da dena azkenean. Ekitaldi polita izan zen; Sondikarako ez ezik, Txorierri, Bizkai eta Euskal Herri osorako ere bai. Aspaldi honetan motor arloko kiroletarako zaletasunak behera egin du, baina horrelako ekitaldiek berpiztu egiten dute zaletasuna. Erakusketan primeran hartu gintuzten eta guk saritzat hartu dugu bertan egoteko aukera. Zer da gehien harritu zintuena? José Ángel Mendibilek erabilitako motorrek harritu ninduten. Gidari hori motokrosean aritzen zen eta, haren motorra ikusten duzunean, erabat txundituta gelditzen zara, mugimendu eta salto ikaragarriak egiteko gauza baita. Gainera, lehiatzeko motorrak ere ikusi genituen, baina horiek ez zitzaizkidan hain ikusgarriak iruditu, aurretik ere ikusiak nituelako. Zer deritzozu 2010ean egindako denboraldiari? Urtea ondo hasi zen, eta denboraldi aurrean primeran ibili nintzen. Hala ere, urtea aurrera joan ahala, okertu egin ziren gauzak: lasterketa batzuetan motorra ez zen batere ondo ibili, erori egin nintzen... Dena dela, gogor egin genuen lan, eta buruaren aldetik ondo ibili ginen. Azkenean, bosgarren postuan amaitu dut Munduko Txapelketa, eta pare bat aldiz egon naiz podiumean. Beraz, pozik egoteko modukoa da, ahal izan dudan emaitzarik onena lortu dut-eta: gure aurretik faboritoak baino ez dira ibili. Garaipenen bat bota duzu faltan? Tira, garaipenak lana borobiltzen du, baina zaila da irabaztea. Podiumera igotzea ere zaila da eta horretarako hainbat alderdi izan behar dituzu zeure alde. Agian, Qatar edo Jerezeko lasterketetan izan nuen irabazteko aukera, eta izugarria izango zen, han garaipenen bat lortu banu. Hala ere, ezin dut motibazioa galdu: ilusioari eta lanari eusten badiegu, ziur nago laster etorriko dena garaipena. Datorren urtean Ajo Motorsport taldean arituko zara. Zergatik aukeratu duzu talde hori? Eskaintza batzuk jaso genituen datorren urterako. Ajo Motorsport taldea gure bila etorri zen eta interes handia erakutsi zuen. Talde horretan ilusio itzelaz egiten dute lan, bihotzez, eta txapeldunen taldea izan da azken urteotan (2008an, Mike Di Meglio; eta 2010ean, Marc Márquez). Horrek bermea ematen dit, edo itxura ona du, behintzat. Gero ikusi egin beharko da nolako materiala dugun eskura. Dena dela, tituluei baino, ilusioari eta proiektuan duten parte-hartzeari ematen diot garrantzia handiagoa, eta horregatik aukeratu dut Ajo Motorsport taldea. Ea lasterketak irabaztea lortzen dugun guztion artean, eta, posiblea bada, baita Munduko txapelketa ere. Datorren urteari begira, zeintzuk dira zure helburuak? Oraindik oso goiz da. Geziak helburua ikusi barik botatzea bezala izango litzateke pronostikoren bat aipatzea. Asma nezake edo ez. 2011n ezeri ere ez diot uko egingo, hori da esan ahal dudan gauza bakarra: irabazteko aukerarik badut, gogo biziz saiatuko naiz. Motoziklismoan aurrera egin duzu beti: 2008an, 20. postuan bukatu zenuen Munduko Txapelketa; 2009an, 14.ean; eta 2010ean, 5.ean. Hurrengo urratsa txapelketa irabaztea da? Datorren urtean emaitzak hobetzea dut helburu, baina iaz bosgarren bukatu nuen txapelketa, eta oso zaila da hori gainditzea. Nire ustez, ilusioari eta umiltasunari eustea da garrantzitsuena, baita zirkuituetan orain arte hartutako eskarmentua erabiltzea ere. Nortzuk izango dira zure aurkariak 2011n? Gidari guztiak. Lehiakortasun itzela dago nire kategorian, eta ezin izango nuke pilotu bakar bat aipatu. Marc Márquezek (aurtengo txapelduna), Pol Espargarók (hirugarrena) eta Bradley Smithek (laugarrena) ez dute parte hartuko 125 cc kategoriako Munduko Txapelketan, 2011n. Horrek kentzen dio lehiakortasunik txapelketari? Ez dut uste. Sergio Gadea eta Héctor Faubel sartuko dira lehian haien ordez, eta gidari bi horiek eskarmentu handia dute. Dena dela, gidari guztiok gaude irabazteko irrikan, eta izugarrizko ilusioz lehiatuko gara 2011n. Iaz azkar aritu ginen, eta aurten ere beste horrenbeste egingo dugu. Zaila izango da, beraz, lehenengo postuetan ibiltzea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).