Osagaiak (sei lagunentzat):
-500 g makailao (txikitua eta gazatua)
-Kipula eder bat (txikitua)
-4 berakatz-atal (txikituak)
-Piper berde handi bat (txikitua)
-Pikillo piper bi
-Tomate-zurrusta bat
-6 arrautza
-100 ml esne
-250 ml esne-gain
-Orioa
-Gatza
Saltsea egiteko:
-Kipula eder bat (txikitua)
-4 berakatz-atal (txikituak)
-4 pikillo piper
-Orioa
-Gatza
-Ur apur bat, makailaoa beratzen izan dogun azkena
Prestateko erea:
Zartagin baten orio-zurrustea bota eta kipulea eta berakatzak han ipiniko doguz erregosten, su eztian. Eginda dagozanean, piper berdea gehituko dogu. Zartaginari estalgia jarri eta surtan 10 minutuan eukiko dogu. Barazkiak noizbehinka eragingo doguz eta 10 minutuak pasaten diranean, surtatik kenduko doguz.
Bestalde, ontzi baten honeek irabiauko doguz: esnea, esne-gaina, arrautzak eta gatz apur bat. Ondoren, makailaoa, pikillo piperrak, tomate-zurrusta, barazkiak eta gatz apur bat botako doguz. Osagaiak koilara bategaz nahastuko doguz.
Molde bat aldez aurretik eukiko dogu prestauta. Moldea gurinaz igurtzita egongo da, eta uruneztuta. Orea molde horretara botako dogu. Labea 180 gradutan berotuko dogu, eta budina ordubete inguruan izango dogu bertan, Maria bainuan egosten. Hotzitzen itxiko dogu.
Saltsea:
Kipulea eta berakatzak orio apur baten erregosiko doguz, su eztian. Pikillo piperrak eta gatz apur bat gehituko doguz eta bizpahiru minutuan eukiko doguz egosten. Ur apur bat bota eta eginda dagoanean, irabiau egingo dogu.
Budina moldetik atera eta 12 xerretan ebagiko dogu. Xerrak laban epelduko doguz eta, zerbitzatzeko orduan, xerra bi ipiniko doguz plater bakotxean. Budina saltsa apur bategaz lagunduko dogu.