Motorrak orroka ibili dira gure artean

Aikor aldizkaria 2011ko uzt. 20a, 13:08
Argazkiak: Sondika Motor
Ekainean, Sondika Urban Circuit egin zen lehenengo aldiz. Ekimen hori Sondika Motor elkarteak antolatu zuen San Joan jaietako egitarauaren barruan, eta erabat arrakastatsua izan zen. Motorrak indarrez egin zuten orro Zangroiz industrialdeean atondutako zirkuituan. Eguzki galdatan, gidarien trebetasunak eta ibilgailuen motorrek egindako zaratak berotu zituzten –are gehiago berotu, bero kiskalgarria egiten zuelako– zirkuitura etorri ziren lagunak. Antolatzaileen arabera, 1.000 zale baino gehiago batu ziren han, bai Bizkaitik bai inguruko herrialdeetatik etorriak. Guztira, 33 gidarik hartu zuten parte ekimenean. Gidariok lehen mailako probetan dabiltzan profesionalak izan ziren eta Estatuko hainbat txokotatik heldu ziren Sondikara. Pistan kategoria hauek egon ziren ikusgai: formulako automobilak, rallyko auto klasikoak, moto klasikoak, car-crossak eta supermotardak. Gainera, supermotard kategoriako proba puntuagarria izan zen Euskadiko Txapelketarako. Lasterketa Abel Urizarbarrenak irabazi zuen, eta oso anekdota bitxia gertatu zen. Abel lurrera erori zen lehen txandako lehenengo biran, eta gainerako gidariek alde handia atera zioten. Bat-batean, ez dakigu zergatik, pilotu batek amaitutzat jo zuen txanda, nahiz eta artean hiru bira falta ziren txanda amaitzeko. Beste gidariak ere gelditu egin ziren, baina Abelek jarraitu egin zuen lasterka, ez zuelako bandera koadroduna ikusi. Gidariek txanda amaituta ez zegoela konturatu orduko, Abelek oso alde handia atera zien eta ezin izan zuten hura harrapatu. Bigarren txandan, bigarren lotu zen, baina txanda bietan egindako denboraren batez bestekoa eginik, txapela eraman zuen. Loiuko pilotu batek, Borjak, bigarren postua eskuratu zuen; eta hirugarrena, Luismik. Moto klasikoen kategoriari dagokionez, 40 urte inguruko ibilgailuak ikusi ziren zirkuituan, GP txapelketetan ibiliak, eta motoak euren jabeek gidatu zituzten kasu gehienetan. Irabazlea Bruno izan zen, Ducati 450 bat gidatu zuena; Pedro Mujika bigarren heldu zen (Derby 250 2t); eta Faustino Hernández, hirugarren (Ossa 250 GP). Lasterketan, neska batek ere hartu zuen parte, Ducati batekin. Bestalde, formulako automobil bik erakustaldia egin zuten: 70eko hamarkadako Formula Ford bat, eta Alfa Romeo motorra zuen Formula 3 bat. Rally auto klasikoen kategoriara aparteko automobilak eraman ziren: Renault Alpine bat, R5 Turbo 2 bat, Ford MK2 bat, eta 1979. urteko EX WRC 131 abarth bat. Azkenik, car-crossek egindako irristatzeek gozatzeko aukera eman zieten ikusleei. Kategoria honetako pilotuen artean, Josu Mentxaka derioztarra izan zen. “Kalitatea eta espektakulua eskaini nahi genizkien ikusleei; pilotu onak ekarri, aparteko automobilak gidatzen dituztenak. Pozik gaude lortutako emaitzarekin eta zaleek emandako erantzunarekin. Proba gainditu egin dugula uste dugu”, aipatu digu Unai Atxa antolatzaileetariko batek. Zirkuituak, kilometro bat baino zerbait luzexeagoa, Zangroiz industrialdean prestatu zuten. Gidariak pozik azaldu ziren ibilbidearekin, eta oso dibertigarria eta egokia zela adierazi zuten. Izan ere, zirkuituak baditu berezitasun bi. “Estatu Batuetako Laguna Seca zirkuituan oso ospetsua den bihurgune bat badago, aldapan behera dagoen bihurgune bikoitza delako, eta hari sacacorchos edo “kortxo torlojua” esaten diote. Gure zirkuituan badugu oso antzekoa den beste bihurgune bat, eta hari “sacakozkor” deitu diogu. Beste alde batetik, zirkuituaren zailtasun handiko beste gune bat ahateen bihurgunea da ”. Hitzordu finkoak Sondika Urban Circuit ekimena bertako Udalak babestu du, eta hainbat enpresaren laguntza izan du. Baina, batez ere, herriko gazteek egindako ahalegina azpimarratu dute antolatzaileek. “Prestatze-lanetan 50 lagun inguru ibili gara; gazte asko, tartean. San Joan jaiak izan arren, ahalegina egin eta dena eman dute guri laguntzeko, eta ekimena ondo irteteko”. Sondika Motor elkarteak Sondika Moto ekimena antolatu zuen iazko azaroan. Goronda Beko kiroldegian balio ekonomiko eta historiko handiko 112 moto jarri ziren ikusgai eta, besteak beste, José Ángel Mendivil, Herri Torrontegui eta Efren Vázquez pilotuek hartu zuten parte ekintzetan. Ekimen hura ere erabat arrakastatsua izan zen, eta Sondika Urban Circuit haren harira egin da. “Urtean zehar herrian antolatzen diren beste ekitaldi batzuen aldean, motor munduaren inguruko ekimenak ezberdinak dira, eta oso ikusgarriak. Hala, hona etortzen dira bai mundu hau gustatzen zaienak eta bai zale amorratuak ez direnak ere. Errutinatik irteteko aukera ematen duelako”. Sondika Motor Elkartea 2010ean sortu zen, helburu birekin: motor mundua dinamizatzea eta sozializatzea. “Gu ez gara herriko errepideetatik astakeriak egiten dabiltzan zoroak. Guri auto lasterketak gustatzen zaizkigu, motoak, abiadura... baina zirkuituetan eta leku egokietan egiten ditugu lasterketak, zuhurtziaz. Motor mundua zaletasuna eta kirola da guretzat, eta nahi dugu herritarrek bereiz ditzaten lehen aipatu ditugunak eta gure modukoak direnak”. Elkartekideek mahai inguruan esertzeko asmoa dute, eta ekimen biak –Sondika Moto eta Sondika Urban Circuit– euren osotasunean aztertu. “Argi dugu gustatuko litzaigukeela biak hitzordu finko bihurtzea motor munduaren egutegian. Dinamika egonkorra har dezatela, eta inguruko zaleak gure artera etor daitezela”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).