Eraikitze bideko taldea

Aikor aldizkaria 2012ko urt. 26a, 11:50
a: Eleder Gorrotxategi
SD Zamudio Txorierriko kirol elkarte nagusietako bat da, baina Europa mailako beste klub handiak bezalaxe, Zamudiokoak ez dira soilik futbolean aritzen. Klubean saskibaloian eta areto-futbolean ere jokatzen dute, eta azken horri bultzada berezia eman diote aurten. Areto futbola aurreko mendeko azken hamarkadan jarri zen modan, eta 1999an heldu zen SD Zamudio taldera. “Garai hartan futbol taldeko jokalari ohiek eta B taldeko beste batzuek areto-futbol taldea sortzeko asmoa helarazi ziguten batzordekoei, eta guk hala egin genuen”, esan digu Rubén Glera presidenteak. Hamabi urte hauetan ibilbidea “ona“ izan da, taldeak mailaz igotzea lortu zuelako. Areto-futbol taldea ez da izen bereko futbol taldea bezain indartsua, baina hazi nahi du, eta horretarako eskarmentu handiko entrenatzailea fitxatu du, Eleder Gorrotxategi derioztarra. Eleder “gogotsu” etorri da Zamudiora. “Deitu zidatenean interesgarria iruditu zitzaidan. Entrenatzeko erdi-mailako titulua daukat eta goi-mailakoa lortzen nabil momentu honetan. Ibilbide luzea izan dut eserlekuan, hainbat kategoriatan ibili naizelako entrenatzaile: Nazional B mailan, Lehentasunezko mailan, Lehengo mailan eta Bigarren mailan”. Hainbat kategoria eta hainbat talde, eta haietako bat, Derioko Pozgarri taldea. “Betidanik izan da bailarako talderik indartsuena, eta hemendik aurrera bere lekua betetzen saiatuko gara”, dio presidenteak. Pozgarri taldeak herriko jendearekin baino ez du jokatzen, eta Zamudio taldean ere gauza bera egin nahi dute. Gaur egun 14 jokalarik osatzen dute taldea. Gehienak bilbotarrak dira eta bakarra, Zamudiokoa. Joera hura aldatzea nahi dute klubekoek. “Datorren urteetan zamudioztar gehiagok taldean jokatzea gustatuko litzaidake. Herria taldean inplikatzea nahi dut. Harrobia landu behar dugu. Horretarako, ekimen bereziak egiteko asmoa dugu udarora begira, gazteengan zaletasuna pizteko. Epe luzean, gazte mailako taldea sortzea gustatuko litzaidake”, aipatu du Elederrek. “Badakigu ez dela bat ere erraza izango, gehienek futbolean jokatzen baitute. Inguruko eskolekin eta Derioko institutuarekin hitz egingo dugu ea elkarrekin areto-futbola Txorierrin bultzatzen dugun”, adierazi digu Rubének. Zamudio taldeak Bizkaiko Lurraldeko Lehenengo mailan jokatzen du. “Liga oso parekatua da, eta bizpahiru talde izan ezik, maila antzekoa dago”. Liga berean Bilbo inguruko eta Durangaldeko taldeek jokatzen dute, baita Txorierriko beste talde bik: Derioko Pozgarri eta Sondikako Hegalariak. Derby bi, lehiakortasun handiko partida bi. “Bai, partida bereziak dira biak eta lehia polita dago gure artean, baina oso harreman ona daukagu Txorierriko beste taldeekin”, esan du Elederrek. Lehenengo itzuleran Zamudiokoek irabazi diete derioztarrei eta galdu egin dute Sondikan. Helburua, Lehentasunezko maila Entrenatzaile berriak metodologia berria ekarri dio taldeari, baita jokalari berri batzuk ere. “Ni etorri baino lehen, lagunen artean arituko balira moduan jokatzen zuten. Nik areto-futboleko oinarrien berri eman diet, eta jokalariak haiei egokitzen dabiltza. Gainera, lau jokalarik utzi dute taldea, eta sei berri etorri dira aurten”. Ez da harritzekoa, beraz, denboraldia irregularra izatea. “Tarte onak eta txarrak izan ditugu orain arte, ea oreka lortzen dugun. Apurka-apurka gero eta hobeto ezagutzen dugu elkar eta taldea osatzen gabiltza. Aurten hori da inportanteena, taldea osatzea”. Taldea finkatzea ez da asmo makala, baina SD Zamudio klubekoek gora begiratu nahi dute. “Jokalariak ikasteko irrikan daude, eta ni oso gustura nabil. Aurten sailkapenaren erdian bukatuko dugu, ziurrenik. Hala ere, nik uste dut bi urteren buruan Lehentasunezko mailara igotzeko aukera izango dugula”. Abagunea heltzen den bitartean, partidak jokatzen eta proiektua sendotzen jarraituko dute Zamudiokoek, eta bide batez areto-futbola herrian bultzatzen.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).