Xabi Astudillo, aukera berrien bila : “Esperient

Aikor aldizkaria 2012ko uzt. 24a, 14:08
Argazkiak: Itsasne Zubiri
Xabik 24 urte ditu eta Sondikakoa da. Laster, abentura berri bati emango dio hasiera. Irailean, bere auzokide batekin Australiara joango da. Gazteak bere asmoen berri eman digu. Hasieratik hasiko gara. Zein da berton duzun egoera? Lehen Hezkuntzako maisua naiz eta psikopedagogia ere ikasi dut. Ikasturteak bederatzi hilabete baditu, nik hilabete bi baino ez ditut lanean eman. Lanean ibili naizen bitartean, pozik egon naiz, gustura, baina gero apur bat goibel zabiltza, lan egin nahi duzulako eta aukerarik ez dagoelako. Futbol entrenatzaile ibili zara ikasturte honetan, eta ezinegona apur bat arindu da, beharbada. Beno, umeak entrenatzen izan naiz Gorondagane Sondikako ikastetxean, eta, egia esan, oso pozik egon naiz. Itzel gustatzen zait umeekin lan egitea, eta irakasle lan egiteko oso aukera gutxi izan dudanez, behintzat arratsaldeetan lan honetan aritu ahal izan naiz. Dena dela, esan behar dut nire burua ez dudala gazte edo nagusien entrenatzaile ikusten. Eta irailean Australiara abiatuko zara. Aukera berrien bila? Lehen esan dudan bezala, oso gutxi egin dut lan hemen, eta apur bat goibel ibili naiz. Abentura gustatzen zait eta esperientzia berri baten beharra dut. Printzipioz, bederatzi hilabeterako joango gara, eta gustatzen bazaigu eta dena ondo irteten bada, baliteke bertan denbora gehiago ematea. Ikasleentzako bisa atera dugu, Australiara ingelesa ikastera joango garelako. Baina esan digute han oso erraza dela lana topatzea, edozein arlotan. Hala bada, lan egiten ere saiatuko gara. Azkenaldian gazte asko dabiltza bertotik alde egiteko aukera aztertzen... Izan ere, oso aukera gutxi dugu balio duguna erakusteko; ez digute kasurik egiten. Gauzak nahiko txarto daude, hau tamalgarria da. Hala ere, baikorrak izan behar dugu, guztion ahalegina ezinbestekoa da krisitik ateratzeko. Laster hasiko duzuna ez da atzerrian edukiko duzun lehenengo esperientzia. Bai, duela sei urte Mozambiken izan nintzen. Batxilergoa amaitu nuen eta ez nekien zer egin nire bizitzarekin. Abentura bat bizi nahi nuen eta Mozambikera joan nintzen boluntario. Oso esperientzia ona izan zen. Halako lekuetan ikusten duzu jendea gu baino askoz zabalagoa dela, eta askoz zoriontsuagoa. Ez dute ezer, baina gu baino askoz alaiago bizi dira. Eta haien arteko laguntasuna gure artean dagoena baino askoz handiagoa da. Esperientzia errepikatzeko asmorik? Hura bezalako beste leku batera joango zinateke? Australiara joateko erabakia hartu baino lehen, beste aukera batzuk aztertzen ibili nintzen. Eusko Jaurlaritzak gazteei zuzendutako programa antolatzen du urtero, atzerrira boluntario joan daitezen. Nik izena eman nuen programan, baina ez ninduten hartu. Entzun dut aurten gazte askok jo dutela programara... Pena izan da, atzerrian boluntario hiru hilabete emateko asmoa nuelako, eta gero bertan lan egiten gelditu. Baina, beno, etorkizunean aukera gehiago egongo dira horretarako. Bitartean, zorte on Australian! Mila esker! Harremanetan egon, eta berriak kontatuko dizkizuegu.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).