Lehengoan Galbarriatuko txokora gonbidatu ninduten afari batera. Mintzagai, askoren ahotan dabilen eta gehienon bihotza estutzen duen krisia izan genuen. Ezin daiteke ukatu jende askoren egoera negargarria dela: 50 urteko lagunak kale gorrian, etxerik gabe eta bankuarekin zorra dutela... Baina are penagarriagoa da horren aurrean gehienok dugun jarrera. Zapaltzen gaituztenez kexatzen gara maiz, baina aitor dezagun oso erosoa dela euren aginduak betetzea, haiek zalantzan jarri barik. Azken batean, asko lasaitzen gaitu hilero etxera heltzen zaigun dirua auzokoak gastatzen duen gauza berdinetan gastatzeak.
Hala ere, bizi dugun egoera honek aukera berriak ekarri ditu. Askoren irudimena martxan jarri da, eta aukera ere eskaini digu egunerokotasunari buruz hausnartzeko eta betiko arazoei konponbide hobeak topatzeko. Hiritik baserrira, ekonomia jasangarriago baten alde, mugitu dira makinatxo bat gazte. Hainbat eta hainbat hasi dira haien elikaduraz arduratzen. Krisiak mugimendua badela adierazten digu. Batek esan zuenez, “bizi den oro, mugimenduan dagoelako dago bizirikâ€. Mugitzen ez dena, beraz...