Testua: Paul Bilbao Sarria, Kontseiluko idazkari nagusia
Izenburua irakurrita seguru nago hainbat egoera etorriko zaizkizuela gogora, izan ere, askotan erabilia izan da norbaiten edo zerbaiten garaia dela, eta, akaso, errepikari ere bihurtu izan da. Halere, oraingoan izenburu hori jarri nahi izan dut benetan uste dudalako gure garaia iritsi dela, euskaraz bizi nahi dugunon garaia, euskaraz bizi nahi duen herriaren garaia.
Azken urteotan aurrera egin du euskararen herriak, zalantza-izpirik ez dut. Gurea bezalako hizkuntza gutxiagotuen berreskurapen-prozesuei begiratuz gero, harro esan dezakegu aurrera goazela, eta horren arrazoi nagusienetako bat euskararen herriak euskaraz bizitzeko agertu duen nahia izan da. Euskaraz bizitzeko nahi hori errealitatezkoa izan dadin euskalgintzak hizkuntza-berreskurapenari egin dion ekarpena azpimarratu behar delakoan nago: hezkuntzan, helduen euskalduntzean, lan-munduan, zientzian, interneten, itzulpengintzan, kulturgintzan, sorkuntzan, motibazioan, hedabideetan... Eta horietan guzietan euskaraz bizitzeko nahia egon izan da atzean.
Euskaraz bizitzeko nahiari pasioz, determinazioz eta grinaz eutsi dio euskararen herriak; eta nahi horrek eragin zuzena izan du gure herrian eman diren aurrerapausoetan. Azken asteotan herritar anonimo batzuen eskutik nahi hori erakutsi izan dugu: Leire ataundarrak euskara erabiltzeagatik inoiz umiliatua izan dela azaldu digu, bai eta semeentzat halakorik nahi ez duela ere, eta, horrexegatik, ama baten bihotzetik, hizkuntza-eskubideak babesteko eskatu du, laguntza zuzena eskatu du; Iñigo eta Aizeti Bilbotarrek alabaren pediatra euskalduna ez izateak eragiten dien inpotentzia azaldu dute, baina oztopoen gainetik euskaraz bizi direla adierazi dute; eskolak euskaldundu ez eta bere burua euskalduntzeko asmo irmoa erakutsi digu Ruben gasteiztarrak; Nekane lekaroztarrak lanbide-heziketan euskalduna izateagatik pairatutako bereizkeria kontatu digu, baina egun euskaraz lan egiteak eragiten dizkion abantailak ere partekatu ditu. Jasone leitzarrak arnasgune batean bizitzeak lasaitasuna dakarkiola azpimarratzen du; euskaraz bizitzea erabaki bat ez ezik, sentimendu bate ere badela azaltzen du. Adibide batzuk besterik ez dira izan, euskaraz bizitzeko hautua egin duten herritarrak, euskaraz bizitzea naturaltzat hartzen duten herritarrak, eta jakin badakigu herritar hauen moduan, euskaraz bizitzeko nahiari eutsi eta eusten dioten herritarrak milaka izan direla azken urteotan.
Halere, herritar horiek beharrezkoak izan arren, euskaraz biziko den herria erdiesteko ez da nahikoa herritarron borondatea. Lehenik eta behin, gure hizkuntza-komunitatea handitu behar dugu, eta horretarako euskararen ezagutzaren unibertsalizaziora eramango gaituzten erabakiak eta politikak behar ditugu. Bai, erabakiak eta politikak diot, horretara iristeko tresnak aspaldi jarri baitzituen abian euskalgintzak. Bestetik, euskararen erabileran jauzia eman ahal izateko espazioak euskalduntzeko politika eragingarriak behar ditugu, eremu sozioekonomikoan eta aisialdian bereziki, eta berriz ere esan behar dut erabakiak behar direla, eremu horretan ere, euskalgintzak aspaldian sortuak dituelako tresnak.
Orain, horiek eskuratzeko bideak jorratzea dagokigu. Baldintza sozial egokiak behar ditugu gure hizkuntzaren berreskurapen-prozesuak beharrezkoak dituen baldintza politiko, ekonomiko eta juridikoak eskuratzeko; tamalez, ez baitira egun batetik bestera etorriko. Hortaz, gure garaia dela erakutsi behar dugu. Instituzioetan, eragile politikoetan, sindikalgintzan, gizarte-eragileetan... horietan guztietan erakutsi behar dugu euskaraz bizi nahi duen herria izan badela, eta herri horri erantzun behar diotela. Euskalgintzak eta euskararen herriak aspalditik erakutsi du zer nahi duen, baina erantzukizuna partekatua dela ulertu behar dute horiek guztiek, hots, gure hizkuntzaren etorkizunean betebeharrak dituztela ulertarazi behar diegu. Lan horretan Kontseiluak eragiten jarraituko du, baina herritarren laguntza beharrezkoa dugu. Herritar bakoitzak eragile bihurtu behar dugu geure burua, eta euskaraz bizitzeko nahia berma dakigun konpromisoak eskatu behar ditugu; alegia, gure nahiari erantzuteko neurriak eskatu behar ditugu.
Eta determinazio hori erakusteko, abenduaren 1ean euskararen herriak, euskaraz bizi nahi duen herriak, Donostiako kaleak bete behar ditu. Euskaraz bizitzearen hautua egiteagatik harro gaudela erakusteko aukera izango dugu larunbatean. Euskaraz bizi nahi duen herriari erreparatu behar zaiola erakutsiko dugu, ezikusiarena egiterik ez dagoela lortu behar dugu, are gehiago, euskaraz bizitzea posible egiteko zeinek bere erantzukizunari erantzun behar diola zabalduko dugu.
Euskaraz lan, irakurri, kontsumitu, pentsatu, jolastu, maitatu... BIZI nahi dugulako abenduaren 1ean determinazioa, pasioa, grina, gogoa, erakutsiko ditugu Donostiako kaleetan zehar. Euskaraz bizi nahi dugunon garaiari ekingo diogu. Ez hutsik egin, zeure garaia ere izan dadin!