Dena dator bueltan. Perspektibarik eza izango da, baina munduak hartu duen abiadurari so eginez gero, aroak gero eta laburragoak dirudite, belaunaldi bakoitzak Historiaren zatitxo bat idatzi nahiko balu bezala.
Errenazimenduari Grezia Handiaren garaietara itzultzea kostatu zitzaiona kontuan hartuta, hamarkada bakar batean ekarri dugu guk bueltan azken mende erdia. Baina gurea berreskurapen estetiko hutsa da. Praken zabaltasunarekin eta betaurrekoen tamainarekin gelditu gara, eta hippyen kanpaien eta Lennonen betaurrekoen atzean zegoena nonbait galdu da. Biak salgai daude Zaran. Intsignia dago modan; ez leloa.
Gaur egungo gazteok ez dugu gizartean sinesten, antza. Eta asko harrituko dira... Oasiak oasi, indibidualtasunaren erresuman hazi gara. Orain dela gutxi, desio bana botatzeko eskatu nion ikasle talde bati: edozein kolektibotasun motari dagokion bakar bat ere ez.
Bestelako zoriontasun eredu bat behar dugu; estruktura politiko berriak, zenbat eta gertukoagoak, hobe. Eta jakintza sozio-ekonomikoa duten pertsonak, estrukturak ez baitu bakarrik funtzionatzen. Hausnarketarako eta kritikarako gaitasuna dutenak, noski. Eskatzea libre omen da. Espero dezagun garai txarrek zerbaiterako balio izatea.