Komunikazioaren preso

Aikor aldizkaria 2013ko mar. 25a, 10:03

t: Jon Goikouria, kazetaria

E-maila, Facebook, Twitter, Flickr, Twenti, Google+, Tumblr... uste dut erabiltzaile-izen eta pasahitz guztiak galduta dauzkadala, eta ia den-denak nahasita, ahaztuta edo batek daki non. Gauza da gaur egun makina bat sare sozial daudela Interneten. Baina, zertarako hainbeste erabiltzaile-kontu? Zergatik gabiltza komunikazioaren preso? Sekulako errespetu-falta iruditzen zait lagunartean egonda, afari batean esaterako, jende guztia bere sakelako telefonoari begira egotea, pertsonen arteko komunikazio fisikoari ekin beharrean. Penagarria da. Komunikazioak teknologiaren preso bihurtu gaitu eta, gauzak horrela, ez dirudi aurrera egingo dugunik. Lau orduko eskolak ditut asteko bi egunetan, eta badago telefonoarekin batera kargagailua daramana eskolara. Hamar minutuko atsedenaldietan telefonoa kargatzen jartzen du beti. Kezkagarria benetan. Duela gutxi sakelako telefonoa apurtu zitzaidan eta telefono konpainiako arduradunarekin hitz egiten nengoela, zer-nolako telefonoa nahi nuen galdetu zidan. “Deitzeko eta mezuak bidaltzeko, besterik ez”, erantzun nuen. Barreak entzun nituen telefonoaren bestaldean. Barregarria dena, jaun-andreok, gaur egun teknologiarekiko dependentzia izatea da, ‘komunikaturik’ bizi ahal izateko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).