Goizari gogotsu ekin genion. Barikua zelako eta barikuetan gauzak beste perspektiba batetik ikusten direlako. Baina telefonoak jo zuen –“Ze goiz!”, pentsatu genuen- eta gure buruaren zeru urdina gris bihurtu zen berriro ere. Jadanik gure artean ez zeundela esan zigun linearen beste aldeko ahotsak. Isiltasuna nagusi egin zen bulegoan.
Dei batzuk egin genituen eta mina, tristura, atsekabea eta malkoek itotako hitzak baino ez genituen topatu. Zer espero genuen, ba? Eta bulegora etorri zinen azken aldia ekarri genuen gogora. Egia esan, denbora luzea pasatu da ordutik hona, luzeegia beharbada, baina telefonoz behin baino gehiagotan egin dugu berba. Zure lan eta borrokekin beti oso lanpetuta egon zaren arren, beti tartetxo bat topatu duzulako gure deiei erantzuteko.
Elkar ezagutu genuen eguna ere eduki genuen hizpide. Palestinara joan zinen brigadista eta han ikusitakoa eta bizi izandakoa kontatu zenigun. Hura lankidetza emankor baten iturburua izan zen, harrezkero aldizkariaren orrialdeetara ekarri dituzulako zure bizipenak, iritziak eta balioak. Kurdistanera edota Iranera egindako bidaiak, Belemeko Foroan eduki zenuen parte-hartzea, langileon eskubideen gaineko artikuluak, giza eskubideei buruzkoak, politikarien gezurrak zorrotz kritikatzen zituztenak... lankidetza horren adibideak dira.
Eta zeuk idatzitako politikarien gezurren gaineko artikulu gehiagorik ez zela egongo pentsatu genuen; ez giza eskubideei buruzko artikulu gehiagorik; ezta langileon eskubideei buruzkorik ere; ez herrialdeen eskubideei buruzkorik; ez dei eta e-mail gehiagorik... Baina zuregandik ikasitakoa, ezagututakoa eta jasotakoa ondo gordeko genuela esan genuen, aldizkariaren orrialdeetan ez ezik gure buruan eta bihotzean ere bai. Beti gogoratuko zintugula.
Aikor! aldizkaritik gure doluminik zinezkoenak adierazi nahi dizkiegu zure senideei eta lagunei. Eta zuri eskertu hainbat urteetan emandako laguntza eta adorea. Zauden lekuan zaudela beti izango zara aldizkari honen parte eta sustatzaile.