Batzuek dinoe gazteak ez dirala ekintzaileak, baina Larrabetzun ez da halakorik gertatzen. Hori Bai gaztetxea aspaldian dabil beharrean herriari kalidade handiko aisialdia eskintzeko, eta igaz Kukubel taldea be sortu zan. Honeri esker, gazteek badaukie zer egin Larrabetzun.
“Taldea igazko otsailean aurkeztu genduan, eta martxoan egin genduan lehenengo ekitaldia. Baina beharrean urtebete lehenago hasi ginan. Gure ustez, herrian hutsune bat zegoan gazte eta umeei zuzendutako aisialdi-eskaintzari jagokonez, batez be 13 urtetik 18 urtera bitartekoentzat”. Amaia Emaldi Kukubel taldeko kidearen hitzak dira. Amaiagaz batera beste zazpi gaztek osatzen dabe Kukubel taldea. “Gazteak 13 eta 14 urtegaz hasten dira gauza barriak dastatzen, ikasten, guztiok egin dogun moduan. Eta guk beste aukera bat emon gura deutsegu, denpora libreaz gozetako orduan”, dino Eneko Lasarte beste kide batek.
Kukubel taldeko kideak boluntarioak dira eta ez dabe ezer be kobraten taldean aritzeagaitik. “Guk ikasi edo behar egiten dogu, eta horregaitik batzuetan ez dogu ekintzak antolatzeko denporarik. Hori dala-eta, ez dogu egutegi zehatzik, ahal dogun neurrian batzen gara, eta ekintzak antolatzen saiatzen gara”. Gurasoek oso jarrera ona adierazoten deutsee monitoreei. “Gurasoek aintzat hartzen dabe geure beharra, eta jakin badakie gure denpora librea musu-truk eskaintzen deutsegula. Gainera, umeak jagoteko persona bat kontratetea baino askoz merkeagoak gara (kar, kar)”, dino Enekok, txantxetan.
Kukubeleko lagunen beharra ez da bape erraza. Alde batetik, “gatxa dalako 13-14 urteko gazteak erakartea”; bestetik, monitoreek be euren bizitzea dabelako, hau da, lagunak parrandaz joaten badira, eurek etxean gelditu behar, hurrengo egunean umeakaz ibili behar dabelako. “Dana dala, neska eta mutilakaz zagozanean, dana ahazten jatzu, geuk be primeran pasaten dogulako eurakaz”, aitatu dau Enekok.
Kukubelen esparru naturala Larrabetzu da, hangoak baitira monitoreak eta gazteak. Gainera, behin eta berriro sustatzen ditue hartu-emonak herriko beste taldeakaz. “Askotan laguntzea eskatzen deutsegu eurei edo, alderantziz, eurek guri, eta oso jarrera ona adierazoten deutsagu alkarri. Eta gure ekintzak antolatzeko orduan, kontuan hartzen dogu herriko ekitaldien egutegia, Kultur Bilguneak egiten dauana, noski!”.
Beste herrietara zabaldu
Larrabetzuar peto-petoak izan arren, batzuetan umeek beste herrietako lagunak edo senideak ekarri ditue. “Ez dago problemarik, aldez aurretik esaten badeuskue. Gu hemengoak gara eta horregaitik egiten dogu behar larrabetzuarrakaz, baina bardin deusku nondik datozan gazteak. Are gehiago, gure moduko taldeak beste herrietan sortzea gustauko litxakigu: aberasgarria izango litzateke bai guretzat, bai eurentzat, bai umeentzat”, esan deusku Nerea Sagarna beste kide batek.
Kukubel taldeak urtebete baino gehiago daroa martxan. Parte-hartzaileen kopurua zehaztea gatxa da, baina normalean 30 umek hartzen dabe parte ekintzetan. Orain arte danerik egin dabe Kukubeleko lagunek: mendira eta hondartzara joan dira; euskerazko film bat ikusi dabe Sondikan; beste bat herrian bertan; hainbat tailer egin ditue, jolasak egin ditue herriko eta eskolako jaietan...
Beste behin kanpaldia egin eben eskolan. “Umeak oso gustura ibili ziran eta batzuek etxetik kanpo emon eben gaua lehenengo aldiz. Broma bat egin gura izan geuntsen eta lagun batzuei deitu neutsen etorteko eta umeak ikaratzeko. Lagunak algaraka hasi ziran, petardoak botaten-eta, eta lapurrak izango balira moduan, umeen motxila batzuk ostu zituen. Ume batzuk negarrez hasi ziran, baina dibertigarria izan zan eta azkenean guztiok egin genduan barre. Baina zarata handiegia egin omen genduan eta auzokideren batek Ertzaintzari deitu eutsan. Dana kontau geuntsenean, poliziek be egin eben barre”.
Ekintza piloa egin dabe, bai, baina gehiago egiteko asmoa daukie. “Egin gura dogu: umeek eurek prestautako afaritxua txokoan; beste kanpaldi bat; ibiltaldiren bat; baserritarrakaz egon gura dogu, umeei lehen sektorea hurbiltzeko; paintball-ean jolastera joan gura dogu gaztetxoakaz...”. Larrabetzuko neska-mutilek agenda oparoa daukie datozan hilebeteotan, eta Kukubel taldeak horretarako jarraituko dau beharrean. Eta edozeinek taldean parte hartu gura badau, ateak irekita eukiko ditu. Gazteek eskertuko dabe.
Taldeak eta Elkarteak