Gure arbaso emakumezkoek burua altxatuko balute, ziur ezusteko latza hartuko luketela. Urteak eman dituzte borrokan, mutilen eta nesken arteko berdintasuna bermatze aldera. Urte askotako ahalegina, ordea, kolokan da.
Barkatuko didazue baina, gaurkoan, gaur egungo neska batzuen jarrera gogor kritikatuko dut. Berdintasuna bai baina, askok, muga hori gainditu dute. Haragi zati soila izango balira bezala. Tamalgarria. Eta ez naiz janzkeraz ari. Bakoitzak nahi duen arropa eraman dezake-eta.
Nire pentsamendu sakon hauek, aurtengo Munduko Futbol Txapelketarekin batera hasi ziren, orain gutxi. Txileko emakume ‘kazetari’ batek paparra erakutsi zuen bere selekzioa animatzeko. Hortxe bertan, prentsa-aretoan, gainerako kazetariak lanean zebiltzala. Okerrena da berak normaltzat hartu duela keinu hori. Normala iruditzen zaizue? Paparra erakutsi beharra al dago animatzeko? Ba ez, eta are gutxiago ‘lanean’ zaudenean.
Sanferminetan beste adibide bat aurkitu dut. Neska batzuk, lagunen bizkar gainean, titiak erakusten. Eta makina bat beso inguruan, zerbait ukitzeko irrikan. Edo bi neska, bata besteari titiak zurrupatzen, mutilen begirada lizuna lagun. Penagarria eta lotsagarria. Hori, edo ni zaharkituta gelditu naiz.