Ekialdeko filosofia batzuen arabera, gizakiaren helbururik behinena da egoa edo nia desagertzea eta inguruarekin bat egitea beste guztiarekiko lotura etengabean. Orduan, norbera eta bestea bereizi ezinean, itsasoarekin batutako ur tanta bat bezala, ezabatu egiten da unibertsoan eraikitako muga oro, eta, iraganari edo etorkizunari erreparatu gabe, orainari bakarrik men eginez, ondo bizitzeko jakintza eta ulertasuna eskuratzen dira.
Beti ibiltzen gara mugen munduan. Asko eta mota guztietakoak daude: izaki bat bestearengandik bereizten duena, pentsamendu bat, aurreiritzi bat, lurralde bat, emozio ikasi bat. Errealitatea den moduan ikustea galarazten duen edozein gauza, ideia edo itxura. Jaiotzetik etengabe jarri eta jantzi dizkiguten geruza guztiak, bizitzan zehar gutako bakoitzak egitura zehatz, finko, eta kontrolatua izateko asmo garbian.
Ez du ematen kontu hau erraza denik, baina pentsatzen jarrita, seguru nago denok izan dugula inoiz egitura honetatik aterarazi gaituen sentsazio bat baino gehiago: pelikula on baten aurrean, esate baterako, hain ona ze momentu horretan desagertu egiten den inguruko guztia (geu barne); harrapatu gaituen liburuarekin, norberaren kokapena hortik zehar galduta; gure maitearekin bat egiten dugun une hartan, nor den nor aurkitu ezinean; kontzentrazio sakonera eraman gaituen auzolanean akaso; mendi tontor batean; iluntze zoragarri bati begira…
Eguneroko betaurrekoak jausten dira orduan, eta itxura galtzen dute muga guztiek, eta badirudi bizitza bera arduratzen dela guztiaz, gu barik, esan baitaiteke ez garela existitzen, eta hala ere inoiz baino bizipoza handiagoa irteten da gure barruko zokoren batetik bidelagun. Seguru nago segundo edo minutu horietan zehar poza eta lasaitasuna izan direla nagusi, eta baita jakintza be.
Baina berehala itzultzen dira mugak, zoritxarreko dualismoan: hau honelakoa da, eta hori horrelakoa; ni hemen nago eta zu hor; gauzak modu batean egin behar dira, eta ez bestean; irizpide egokiak eta okerrak daude; kontrakoarekin berresten naiz ni; norbanakoak taldea gailentzen du… Muga fisiko eta mentalak daude nonahi, mugen artean bizi gara, mugekin seguru sentitu, mugak beharrezko, agian…