Lehengo egunean beharrerantz nindoala kotxe ilara baten amaitu neban. Aurreko baten be holan gertatu jatan eta haren ondorioz artikulu bat idatzi neban. Oraingoan gauza bera egingo dot. Oraingoan ez jat Asua inguruan gertatu, Loiutik Deriorako bidean baino. Bide tarte horretan, alboetan babes-hesiak ipinten ibili dira. Ez dakit Foru Aldundiko bide zaindariak bildur diran eskoatarantz joango garen, edo ezkerretarantz Deriotik Loiurantz etorri ezkero. Eskoa edo ezkerra, nahiko erlatiboa da, ezta? Batzuentzat bardina, besteentzat guztiz desbardina; euren tartean erdia dagoala esaten dabe. Dana dala, gure agintariak bildur dira zehaztutako bidetik urtengo ete dogun. Bizitza osoan esan deuskue zein dan bide “egokia”. Eskolatik hasita. Ezkerretan dagoan marjina gorde, eskoatako orri ertzera lar parajetu barik, koadernu milimetratuan letra borobil eta bardina egin. Azkenean koadrikulau bihurtu gara. Umeek, koadernu baten tarteko orriren bat zuriz agertzen bajake eta ez idazteko koadrikulagaz, ez dakie zer egin, ez jake gustaten, engainauta sentitzen dira.
Bidetik urtetea gatxa da, baina noizean behin hesiaren beste aldean dagoana ikusi behar dogu. Ez dot esaten legea apurtu behar dogunik. Gehienetan geure barnean egoten da zentsurarik handiena. Horrek eta eguneroko betebeharrak itsutu egiten gaitue. Beharbada atzera urrats bat emon behar dogu, eta gure buruan dagoan hesi horren gainetik saltu egiteko indarra hartu.
Artikulu hau idazteko be karaktere kopuru mugatua daukat. Aikorrekoak be hesiak ipinten! Matxinatu egingo naz eta ez dot gehiago idatziko. Zuriz itxiko dot falta jatan zatia, bakotxak gura dauena idazteko edo gura dauenerako erabilteko.
Ez jauna! Zelan egingo dot hori? Zelan egingo deutset hori Aikorrekoei? Orain dala pare bat aste eretxi artikulua idatziko nebala berbea emon neutsen. Eta ez badot idazten, ganera, zer lortuko dot? Idatziko dot, gitxienez orrialderaren itxurea ondo egoteko.
Hain lerro gitxitan zein kontraesan handia, ezta? Bide bazterrean ipinten deuskuen babes-hesi horren gainetik saltu egiteko irakurlea animau hasieran, eta amaieran ni neu kikildu naz. Hesiaren beste aldekoak bertigoa emoten deust. Azken finean artalde hutsa gara. BEEEEEE…