Zeinek esan behar zidan, duela hiru urte, lehorretik uretara egingo nuenik, ordura arte telebistan edo porturen batean (tragoxka eskuan) jarraitzen nuen kirol bat gertutik ezagutzeko. Ezagutzeko, eta horren berri emateko. Telebistan, eta portu askotan (tragoxkarik gabe aurrerantzean). Patuaren apetak. Eta ni, pozik.
Pozik, ez nuelako inondik inora espero, eta esperientzia, ezin onuragarria izan dela aitortu behar dut. Agian jende askok ez du ulertuko, baina arraunak zeharo harrapatu nau. Hainbeste, denboraldia bukatzen den bakoitzean egun batzuetako hutsunea ere sentitzen dut. Estropaden ondorengo depresioa izango da. Batek daki.
Egia esan, oroimenerako irudi ugari utzi dizkit kirol honek, kresalaren usaina lagun, udako hilabeteetan. Eta estropada guztien gainetik, bat eta bakarra: Kontxako Bandera. Lan handiko jardunaldiak dira, baina gogoz egiten dituzun horietakoak halaber. Lehia ikusgarria bezain sanoa uretan; beste horrenbeste karriketan, hondartzan, mendi magaletan, kai aldean, arranpan... Aldarte ezin hobean milaka zale, nahastuta, egunaz gozatzen. Arraunak hori dauka: zaren taldekoa zarela ere, lehorrean borrokak adiskidantzari uzten dio lekua.