Esakera edo errefrau batzuk denok izaten ditugu buruan hor nonon gordeta eta, halako batean, egoerak eskatuta-edo gura barik gogoratzen ditugu. Dela "Umearen zentzuna...", edo "Zer ikusi...", edo "On eginaren pagua...", edo "Lan lasterra...", edo "Zelako egurra...", edo Gau alaiak...", edo "Zenbat buru...". Zerrenda amaigabea egin genezake, milaka daude-eta bilduta.
Ba, aurten ziur askori ezkurren kontua akordura etorri zaiola, ze aurten beste ezkur ikusi barik egon gara aspaldian: haritzak arramak abailduta ikusi ditugu, ezkurrez gainezka; haritz ondoko soloetan lanean ibili denak igarri du ezkurrak jausten zarata etengabea alboan. Pagotxa basurdeentzat, neguan potolo-potolo sartzeko, ezkurra nahia janda.
Kontua da errefrau gehienek egoeraren bat interpretatzen dutela, horren isla izaten direla, egia handiak askotan –batzuetan, ostera, hitz joko hutsak izaten dira, baina ez oso sinesgarriak–. Eta horrela, ba, ezkurren errefraua zuzena bada aurten negu itzela datorkigu: "Ezkur urtea, elur urtea". Horra atsotitza, osorik; eta kunplitzen bada, elurra eta hotza elkarrekin ibiltzen direnez, igual aspaldiko negurik gogorrena laster.