Orain dela egun batzuk nire seme-alabek liburu bat jaso dute. Postontzi barruan pakete arraro bat ikusi genuen, baina begiluzeak garenez, emozioz gainezka hartu genuen. Haien izenak gutun-azalean, eta barruan oso liburu polit bat, guretzat munduko libururik ederrena. Baina, nork bidali digu? Ezezaguna da! Hau bai hau ezustekoa! Lorea du izena eta ez da gure herrikoa, ezta Txorierrikoa ere. Liburuaren testua eta ilustrazioak, jakina, hainbeste aldiz irakurri ondoren, buruz ikasi ditugu.
Eta orain, zuk zeuk, hauxe irakurtzen ari denak, pentsatuko duzu: hau egia izango ote da? Bai ba, hala da. Irakasle batzuek ekimen hau jarri dute martxan. Kate bat da: guk liburu bat jaso dugu eta orain beste ume bati beste liburu bat bidali behar diogu. Ideia umeen artean irakurketa bultzatzeko jaio zen, baina nik beste ahalmen bat ikusten diot. Norbaitek gogoan al dauka noiz izan zen jaso edo idatzi zuen azkenengo gutuna? Helbidea idatzi, zigilua itsatsi... Gauza batzuk ez lirateke galdu beharko.
Gutunek eta liburuek askotan beste mundu batzuetara eramaten gaituzte; batzuk irudizkoak, beste batzuk benetakoak, baina denak beharrezkoak.