Herritarrak nekazaritza ekologikora hurbiltzea dau helburu Zamudioko Udalak, eta horren haritik bigarren artikulua eroango dogu argitara. Oraingo honetan, Andoni Arrieta nekazari ekologikoak txandatzea eta labore bateragarrien gainean egin deusku berba.
Ortu ekologikoa behar moduan lantzeko eta benetan emonkorra eta eraginkorra izateko, funtsezkotzat joten da laboreak txandatzea. Eta horretarako, planifikazioa da kakoa. Komenigarria da ortua atalka banatzea eta bakotxean landatuko dogunaren egutegia egitea. Ondoko taula batean erakusten dan moduan, denporea aurrera joan ahala laboreak txandatuko doguz atal bakotxean. Nekazaritza ekologikoan oso garrantzitsua da naturak berak ekarten dauan orekea, eta hari eustea baserritarraren onurarako izango da.
Txandatzeak oztopo batzuk ekarriko ditu, esfortzu handiagoa eskatzen deutsolako baserritarrari. Izan be, nekazariak danerik jakin beharko dau, landare bakotxak ezaugarri eta eskakizun ezbardinak ditualako eta era ezberdinez landatzen diralako: tomateak pertxa antzeko bat behar dau; indabeak, makila bat...
Halanda be, txandatzearen abantailak askoz handiagoak dira. Lurra ez da inoz elikagai barik gelditzen, emonkorragoa da eta landare-aniztasuna bultzatzen da. Gainera, ortu askotariko baten ez dago plagarik eta ondorioz, uzta osoa ez da inoz galtzen, labore bakarreko ortuetan gertatzen dan moduan. Nekazaritza ekologikoan ezin dozu ortua erabat garbi izan, intsektuak egon badagoz, baina batek bestearen kontra egingo dau eta orekari berez eutsiko jako. Danetariko intsektuak dagoz, baina ez da inoz plagarik egongo.
Alkartzea
Txandatzea oso garrantzitsua da, bai, baina baita labore bateragarriak be. Horrek esan gura dau landare batzuek besteei onura ekarten deutseela, eta beste batzuek, ostera, kaltea. Beraz, alkartze onuragarriak aprobetxau behar dira eta, noski, kaltegarriak, baztertu. Ildo honi jarraituz, komenigarria da sustrai sakonak eta laburrak dituen landarak batera ipintea. Batak lurzoruko beheko elikagaiak hartzen ditu; eta besteak, goikoak. Horrela, tomatea eta kipulea alkarrengandik gertu jartea aukera ona da.
Beste alkartze on bat arto, indaba eta kalabazen artean egiten da. Indabak nitrogenoa emoten deutso artoari, hori sendoago hazteko. Era berean, artoak sostengua emoten deutso indabari behar moduan hazteko; eta kalabazearen hostoek lurzorua estaltzen dabe eta, horrela, ez da belar gaiztorik hazten eta lurraren hezetasunari eusten jako.
Belar gaiztoak
Labore bateragarriak lantzea erabilgarria be bada, bedar txarrak kontrolpean eukiteko. Adibidez, kalabazearen hostoa handia da eta ez dau bedar txarrik ataraten ixten. Kipulea eta porruaren hostoa, aldiz, txikia da eta bedar txarrak beti agertzen dira bere inguruan. Atal batean, bata bestearen atzean landatzen badoguz arazo gitxiago eukiko dogu bertan bedar txarrakaz.
Lekua aprobetxau
Landare-aniztasuna bultzatzen badogu, ortuko lekua aprobetxaten lagunduko deusku. Horren haritik, komenigarria da landare handiak eta txikiak buztartzea. Esate baterako, kalabazinaren landarea oso handia da eta inguruan letxugeak jarriko dozuz. Horrela, kalabazina handi-handi dagoanerako, letxugeak jasota daukazuz.
Beste alkartze on bat alelopatiak dira. Hau da, landare batzuek substantzia kimikoak askatzen ditue eta horreek onuragarriak dira beste landare batzuetarako. Porruak eta azanoriak, adibidez, onura egiten deutsie alkarri, bakotxak bestea erasoten dauan intsektua uxatzen daualako. Era berean, kipulearen usainak piper eta tomatearen kontra doazan intsektuak uxatzen ditu.
Landare lagungarriak
Borrajea eukitea be bada onuragarria. Hazitokia izango balitz moduan erabili ahal da. Bestetik, borrajek dituen uletxuek uxatzen ditue barraskiloak eta bareak, eta bere horriek potasioa dabe, eta hori oso onuragarria da tomaterako. Gainera, borrajek itzel erakarten ditue erleak, eta horreek aberastasuna ekarten deutsie ortuari. Hilerri-liliren bat (caléndula) eukitea be onuragarria da, intsektu on batzuk erakarten dituelako, eta lurretik datozan nematodoak hil egiten dituelako. Nematodoak batez be tomatearen erroak erasoten dituen zizareak dira. Beraz, onuragarria da barazki artean kalendularen bat jartea. Eta albaka be bai.
Landare edo lora batzuek intsektuak uxatzen ditue eta beste batzuek, aldiz, erakarri egiten ditue, eta horri onura atera behar deutsagu. Esate baterako, ziza ilun-hankahorixka (capuchina) izeneko lorak jarten badozuz ortuko txoko batean, bertan tximeleta guztiak itxiko ditue arrautzak. Eta horrek behar pilo bat aurreztuko deusku, tximeletek arrautzak beste landara batzuetan ixtea saihestuko dogulako, eta ondorioz, landare horreek garbitu beharra.
Zalantzak argitu
Zalantzarik badozu edo zure ortuan arazoren bat badozu, Andonigaz ipini ahal zara harremanetan aikortxori@ aikor.com helbide elektronikoaren bidez. Nekazari ekologikoak bere aholkua emongo deutsu.