Jubilatzea, erretiratzea, pentsionista izatea

Jubilatzea, erretiratzea, pentsionista izatea
t: Ana Mezo, irakaslea
Adin batera helduz gero, zer ote da kontua? Erretiratzea ote da ba? Jubilatzea? Ala pentsionista izatea? Sarritan entzuten dira gure inguruan berbok, sarri erabiltzen ditugu ahoan. Soldatapekoa den bizitza laboralari distantzia hartzea da erretiratzea eta ondo dagoen zerbait da. 40 eta 50 hamarkadetan jaiotakoen artean hainbat daude merkatu laboralean 40 urtetik gora ibilitakoak. Nahikoa ekarpen egin dute eta badute arrazoirik erretiratzeko. Batetik, dezente urte eman dutelako lanean; bestetik, topikoa bada ere, ez da txantxa, beste batzuentzat tokia uztea. Horiek lan guztiak egin ondoren dator erretiroa. Jubilazio berbaren errora joanda, latineko “jubilare” –tik datorrela esaten da. Oihu alaia egitea da bere esangura, hau da, jubiloz bizitzen jarraitzea, bizitzaz disfrutatzen jarraitzea, presiopean, erlojupean egin izan dugun lan batetik alde egitea. Jubilazioa grekoen kulturan eta bestelakoetan ere agertzen da eta kultura desberdinek modu desberdinean ospatu izan dute. XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, Frantziako eta Alemaniako langile gehienak oso kaskatuta heltzen ziren erretirora. Gaurko erretiroa sasoi hartan langileen borrokari esker irabazitako eskubidea da. Gaur egun eskubide sozialtzat hartu beharreko zerbait da. Hala eta guztiz ere, erretiratu edo jubilatu den pertsona pentsionista da. Pentsionistak kalean sarri ikusten ditugu beraien eskubideak defendatzen, bizitzeko modu duinak errebindikatzen. Jubilatzean helmuga horretara zelan heltzen garen da kontua; osasuntsu, bizitzeko moduarekin, bakardadeak harrapatuta, psikologikoki desorekatuta ala ez. Jubilatu ondoren lanak libre uzten dituen orduak betetzea zaila izaten da batzuen kasuan. Psikologoek derrigorrez betebeharrak ez bilatzea gomendatzen dute. Ikerlarien ustez, egokiena erretiro graduala izan beharko litzateke, baina gehienetan ezinezkoa da. Simone de Beauvoir idazleak La vejez liburuan dio: “aurrean daukagun etorkizunean dago gure biziari zentzua ematea. Ez dugu jakingo nor garen, ez badakigu nor izango garen. Edadetu pertsona horretan ikus dezagun geure burua” Hau da batzuei egokitutakoa. Gazteagoak direnentzat jubilatzeko eskubidea non eta zelan izango den, auskalo.