<i>Tempo di martxa!</i> Deriora ailegatu da

Aikor aldizkaria 2007ko ots. 1a, 17:44

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak 25 urte bete ditu. Urtean zehar ekimen eta ospakizun ugari egingo dira urteurrena ospatzeko. Ekitaldien artean Tempo di martxa! dago. Hori musika-gela ibiltaria da, eta Euskal Herriko hainbat herritik pasatu ostean, Deriora ere ailegatu da. Proiektua Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleei zuzenduta dago eta helburu bikoitza du: batetik, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko errealitatea eta jarduera gaztetxoei hurbiltzea, eta, bestetik, unibertso sinfoniko zabala zein musika klasikoa eta garaikidea erakustea, interprete eta konpositore euskaldunei arreta berezia eskainiz. Horretarako, orkestraren autobusa musika-gela bihurtu dute. Bertan, instrumentu sinfonikoen erakusketa, programa interaktibo bat eta orkestrari buruzko informazioa daude, besteak beste. Programa interaktiboaren bidez, genero, garai eta estilo ezberdinetako 32 obra entzuteko aukera dute ikasleek. Obra horietatik 20 euskal konpositoreenak dira.