Txorierri aurten ere argazkiz jantzi da Sondikaren

Aikor aldizkaria 2007ko mai. 17a, 17:31

Testua: Jon Goikouria/Argazkiak:Igor García

Apirilaren 22an lagun asko hurbildu ziren Artebe kiroldegira, Sondikako Argazki Rallyan parte hartzera. Aurtengoa 14. edizioa izan da. Txapelketan izena emateko ordua goizeko 10:30ean hasi, eta guztira 25 pertsonek parte hartu zuten ekitaldian: 10 emakume eta 15 gizon; iaz baino zortzi pertsona gutxiago, hain zuzen ere. Gaia librea izan da aurten, eta, beraz, askatasun handiagoa egon da argazkiak ateratzeko orduan. Hori gutxi bada ere, lehiakideek egun eguzkitsu eta berotsua eduki zuten, argazkiak ateratzeko. Beste alde batetik, seriotasun handiagorekin jokatu du jendeak aurtengo edizioan, eta Sondika-Goiri Argazkilaritza Elkartearen esanetan, partehartzaile guztiek garaiz aurkeztu zituzten txirrikak arratsaldeko 5etan. Sari banaketa maiatzaren 20an egingo dute Sondikako Kultur Etxean, goizeko 11etan. Argazkilaritza Elkarteak Rallyari buruzko laburmetrai bat proiektatuko du, eta luncha eskainiko da bertara hurbiltzen direnei.