Lezamako ikasleak elkartu dira 35 urteren ostean

Aikor aldizkaria 2007ko eka. 25a, 09:42
Javier Urrutiak urtebete baino ez zuen eman Lezamako eskolan; hala ere, eragina handia izan zuen ikasleengan eta horiek estimu handiz gogoratzen dute. Irakaslea Franco hil baino bost urte lehenago ailegatu zen herrira eta ikasleek euskal kultura deskubritzeko aukera izan zuten bere eskutik. “Guk ez genekien nor zen Olentzero eta ikasturte horretan ikazkina lehendabiziko aldiz egin eta kalera atera genuen. Euskal abestiak ere irakatsi zizkigun eta txangoak egin genituen lehenengo aldiz ere bai. Benetan oso ikasturte berezia izan zela guretzat”, azaldu digu Mª Carmen Dañobeitiak. Ikasturte horretatik hona urte asko pasatu dira eta ikaskide askok ez dute elkarren berririk izan aspaldidanik. Hala ere, Mª Carmen, Ines eta Mª Jose leku batetik bestera ibili dira deika eta ikasleak eta irakaslea batzea lortu dute 35 urteren ostean. Elkartzea ekainaren 16an, zapatuz, egin zuten Lezaman eta bertan 25 lagun izan ziren. Urrutiak aipatu digun moduan, sorpresa handia izan da hainbeste urte pasa ostean berarekin gogoratu izana. “Pozik nago, baina erabat harrituta. Lezaman ikasturte bakar batean ibili nintzen irakasle eta, hala eta guztiz ere, eragina izan omen dut eurengan. Garai horretan eskola tradizionala alde batera utzi eta hezkuntza berriztatzaile baten alde egiten saiatu nintzen. Horrela, kontzeptuak ikasi beharrean deskubritu egiten genituen eta Historiatik errealitatea ulertzen laguntzen ziguna hartzen genuen. Ikasle bakoitzak bere liburua osatzen zuen, ulertzeko gai zenaren arabera. Eta horrexegatik gogoratzen naute, beharbada”. Zapatua, beraz, aspaldiko lagunak ikusteko eta eskolako kontuak gogoratzeko eguna izan zen. Era berean, duela 35 urte eskola aurrean egindako argazkia berriro egiteko aukera izan zuten.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).