Behar bereziak Goikolexeako karrejuan

Aikor aldizkaria 2007ko ira. 12a, 09:20
Antonio Abendibar buru-belarri dabiltza Larrabetzuko Goikolexea auzoko karrejua barritzen. Beharrak dala 20 bat egun hasi zituan eta lehen ikusian arruntak badirudite be, berezitasuna badabe: Mallabikoak erabiltzen dauan teknika. “Ez dot porlanik erabiltzen; harria eta harea, besterik ez”. Karrejuetan porlana erabili ohi dira harriak lotzeko, baina porlanak zarata sortzen dau eta “hareaz eginez gero, ez dago zaratarik”, azaldu dau Antoniok. Harri mota bigaz egiten dabilz Goikolexeako karrejuan: galtzadarriak eta itsasoko harribilak. Karrejuko untzea amaitu dabe dagoaneko eta bertan harribilak erabili dabez; galtzadarriak karrejuko izkinetan jartzen dabilz. Beharrak 10 bat egun barru bukatzea espero dabe. “Lehenengo harria ipini nebanean, ‘Jesus! Noiz bukatuko dot hau?’ pentsatu neban”. Harrien ganean harea bota dabe eta Antonioren esanetan, horregaz nahikoa da haitzak ondo lotu eta ez askatzeko. “Baina itsasoko harea izan behar dau, izan be, harea baltzak ez dau balio, denborak aurrera egin ahala gogortu eta harriak askatu egiten dira-eta”. Larrabetzuko Udaleko beharginek karrejuko harribilak banan-banan kendu dabez eta Antoniok eta bere lan-taldeak horreek bereiztu, eta baliagarriak ziranak banan-banan ipini dabez barriro. “Sei orduko lanaldia egiten dogu. Sei orduok belauniko emoten dodaz”. Karrejua laster amaituko dabe. Harri guztiak jarri ondoren, ura bota eta harea kenduko dabe, harriak begi bistan lotzeko. “Idiak be ekarriko dira, karrejua probatzeko eta harriak asenta daitezan”. Mallabikoaren teknika erabiltzen dauanik ez dago beste inor eta, horregaitik, leku askotatik deitzen deutsie bertako karrejuak apaintzeko. “Jubilatuta nago, baina ez nabe bakean uzten. 70 urte dodaz”. Antoniok 20 karrejutik gora egin ditu azken 26 urteotan, “Gatikan, 2; Urdulizen, 1; Axpen, Bermeon, Errigoitin, Berrizen, Elgoibarren, Getxon, Gordexolan…”, eta bere teknika hain da kuriosoa, ezen Euskal Herriko hainbat komunikabidetan oihartzuna izan baitau.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).