Euskararen erabilera bultzatzeko kartelak, Txorier

Aikor aldizkaria 2007ko urr. 16a, 14:49

Mankomunitateak kanpaina berri bat jarri du abian, Txorierriko merkataritzan euskararen erabilera sustatzeko. Horrela, kartel batzuk diseinatu dituzte eta horietan produktuen izenak euskaraz agertzen dira, marrazki eta guzti. Kanpainan hiru komertzio mota hartu dira kontuan: arrandegiak, harategiak eta fruta-dendak; eta bakoitzarentzat kartel pertsonalizatuak atera dituzte. Kartelok Txorierriko janari-denda eta supermerkatu guztietara agindu dituzte. Kanpainak erosleek produktuen izenak euskaraz ikasi eta erabiltzea du helburu. Dendariek pozik hartu dute iniziatiba, “eguneroko gauzak euskaratzea ideia ona da eta euskararen alde egiten den guztia ondo dago beti”, esan digu Izaskun Olibares Zamudioko Itsiza fruta-dendakoak. Mankomunitateak eta Txorierriko komertzioek hitzarmen bat sinatu zuten duela urte batzuk euskararen alde lan egiteko. Hitzarmenaren barruan 100 komertzio baino gehiago daude gaur egun, eta horiei zein hitzarmenkide ez direnei ‘Merkataritza Euskalduntzen’ aldizkaria agintzen zaie Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak eskaintzen dizkien zerbitzuak ezagut ditzaten. Era berean, asko izan dira Euskara Zerbitzura euskara ikastaroez galdezka hurbildu diren merkatariak. Hori dela-eta, Mankomunitateak gutun eta informazio pertsonalizatu bana bidali die jatetxe, taberna eta denda guztiei, euskara ikastaroak non egin daitezkeen eta abarreko informazioa azalduz. Trebatzailea, Behargintzan Euskararen presentzia Mankomunitateko udaletxeetan indartzea eta enpresa mundura hurbiltzea Txorierriko 2007-2010eko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren erronketariko bi dira. Apirilean euskara trebatzaile bat kontratu zen udal langileen euskara maila aztertzeko eta horren erabilera sustatzeko. Hemendik aurrera trebatzailea enpresekin harreman zuzena duten Behargintzako langileekin ere arituko da. Izan ere, Mankomunitatea Behargintzako kanpoko harremanak euskalduntzen ahaleginduko da, hortik abiatuta euskarak bertoko enpresetan gero eta presentzia handiagoa izatea lortzeko.