<i>Berdinean ere, eman euskaraz</i> kanpainak berrikuntzak dakartza aurten

Aikor aldizkaria 2007ko urr. 18a, 14:59
Aurreko urteetan bezala, Txorierriko Mankomunitateak Berdinean ere, eman euskaraz kanpaina martxan jarri du Erandioko Udalarekin batera. Kanpaina horrek pertsona euskaldunak hartzea du helburu, arlo hauek betetzeko: nagusi eta umeen zaintza, klase partikularrak ematea, kirol begiraleak eta aurkezleak. Baina kanpainak berrikuntzak ekartzen dizkigu aurten, izan ere, lehenengo aldiz dendari eta tabernari euskaldunak eta pertsona nagusiak zaintzeko euskaldunak ere eskatzen dituzte. Kanpainan interesa dutenek zerrenda batean edo gehiagotan eman dezakete izena eta ez dute inolako azterketarik edo probarik egin behar. Hala ere, curriculum zehatza aurkeztu behar dute eta gaiari lotutako edozein ohar edo titulazio azpimarratu beharko dute. Inskripzio-orria bete eta datuak erabiltzeko baimena sinatu beharko dute. Izen-ematea urte osoan zehar egin daiteke Mankomunitatean. Eskaera berriak aurreko urteetakoei gehitu eta zerrendak gaurkotuko dira. Kanpainaren barruan dauden zerbitzuren bat behar dutenek Mankomunitatera jo dezakete hori eskatzeko. Beste alde batetik, Txorierriko elkarte guztiei gutun bana agindu zaie, inoiz aurkezle, kirol edo aisialdiko begiraleak behar izanez gero, Mankomunitatean bertan zerbitzu hori ematen dela jakinarazteko. Halaber, Euskara Zerbitzuak elkarte guztiei itzulpen eta aholkularitza zerbitzuak doan eskaintzen dizkiela gogoratu die gutun horretan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).