Ardiak izan ezik, denetarik Sondikan

Aikor aldizkaria 2007ko aza. 15a, 12:13
Testua eta argazkiak: Jon Goikouria
Aurten ere, jende mordoa bildu du Sondikak negu hotzaren atarian sartzear gaudenean; joan den azaroaren 11n, Nekazaritza, Artisautza eta Abeltzaintza Azokako XI. edizioa ospatu zen Txorierri bailarako herrixkan. Oskarbi eta hotz jaiki zen eguna, eta horrela mantendu zen azken orduetaraino. Goizeko 10:00etan hasiera eman zitzaion ekitaldiari, eta eguerdiko 14:30etarako bukatutzat eman zen. Ez zen ia ezer falta izan. Goizeko lehen orduetan goiztiarrak baino ez ziren hurbildu herrira, eta eguerdirako jendez gainezka zegoen Sondika. Ez zegoen autoa non aparkatzerik. Bertan izandako jarduerak aurreko edizioek izan zituztenen antzekoak izan ziren: goizeko 11:00etan Bizkaiko txakolina eta Idiazabal gaztaren dastatzea egon zen. Ondoren, eguerdiko 12:00etatik 13:00etara, zaldien hezkundea ikusteko aukera izan zen. Azken jarduerak 12:00etatik 14:00etara egin ziren. Ordu tarte horretan, abereen ferratzea ikusteko aukera egon zen tren geltokiko aparkalekuan. Horrez gain, une berean, umeentzako jarduerak antolatu ziren herriko plaza nagusian: Ponnyak eta herri kirolak, zehatz mehats. Gainera, dultzainak eta txistulariak jo eta su aritu ziren goiz osoan zehar. Hala ere, aurten, ‘mihi urdinaren gaitza’ dela eta, faltan bota izan dira ardiak, eta horren ordez, Bernardo kultura saileko arduradunak azaldu zigun moduan, aizkolariak izan ditugu gure artean. Ikusi denez, ardiak izan ezik, denetarik ikusi, entzun eta, jakina, dastatu izan zen aurtengo Sondikako Nekazaritza, Artisautza eta Abeltzaintza Azokako XI. edizio honetan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).