Lauroetako jai-batzordeak bertso-afaria antolatu du lehenengo aldiz

Aikor aldizkaria 2008ko urt. 7a, 16:15

Argazkia: Xenpelar Dokumentazio Zentroa (Niko Moreno)

Lauroetan bertsozaletasun handia dagoela ezaguna da sobera. Horrela, azken 30 urteotan bertso-saioak izan dira beti bertako jaietan, eta Jubilatuen Egunean ere bertso-saioa egiten dute bazkaldu ostean. Jubilatu Eguna 14 urte dabiltza antolatzen. Baina jai-batzordeak erronka berri bati aurre egingo dio oraingo honetan eta bertso-afaria antolatuko dute otsailaren 15ean, barikuz. Bertso-afaria Aurregoiti jatetxean izango da 21:00etan, eta bertan Xabi Paya eta Etxahun Lekue bertsolariak arituko dira bat-batean. Lauroetan bertso-afaria egiten den lehenengo aldia da, beraz, eta antolatzaileek 70 bat lagun batzea espero dute. Aurregoiti jatetxean txarribodak ematen dituzte eta menu hori, hain zuzen ere, izango da bertso-afarian eskainiko dutena. Afariak 26 euro balio du eta txartelak eskuratzeko telefono hauetako batera deitu behar da: 649497147 (Iñaki), 944533786 (Juantxu) edo 944532440 (jatetxea).